Emakumeek arte abstraktuan egindako bidea aztertu dau Guggenheimek

Bizkaie! 2021-10-22 10:40   Kulturea

Batez be, XX. mendeko autoreen lanak batzen ditu erakusketa barriak.

Modernidadearen eta jokera horrek ekarri dauen ondarearen sortzaile dira Bilboko Guggenheim Museoak zabaldu dauen erakusketako artistak. Danak dira emakumeak, eta artearen historiaren ezinbesteko parte, eskubide osoz, museoko arduradunek azpimarratu dabenez. 2022ko zezeilaren 27ra arte ikusi ahal izango da Emakumeak abstrakziogile.

Beste arlo ugaritan pasau dan lez, emakume artisten lana gitxietsia izan da luzaroan, eta abstrakzinoari ekarpen baliotsua egin eutsen autore askok ez dabe merezitako autorpenik izan. Guggenheimeko erakusketea, beraz, obren bilduma bat baino gehiago da, emakume artistak ikusezin izatera eroan zituan prozesua azaltzen dau.

Errekonozimendu gitxi izatearen aurrean, erakusketan agertzen dan sortzaile bakotxak jarrera bat hartu eban. Batzuek genero bako artearen alde egin eben; beste batzuek nahiago izan eben arte femeninoa aldarrikatu. Kontraesan eta burruka guztiek euren artelanetan arrastoa itxi dabe. 

Gehienbat, XX. mendeko artisten obrak batu ditue erakusketan, 1980ko hamarkadara artekoak. Dana dala, XIX. mendean sartu-urten batzuk be badagozala dinoe museoko adituek. Formatu eta euskarrien aldetik, ahalik eta ikuspegirik zabalena emotea izan da asmoa, kontakizun edegia egitea: arte plastikoei, jantzeari, dekorazinoari, argazkigintzeari eta zinemagintzeari lekua egin deutse, beraz.

Munduko txoko guztietan emakumeek modernotasuna eta abstrakzinoa zelan ulertu zituen erakustea da beste helburuetako bat. Hartara, Latinoamerika, Afrika eta Ekialde Ertaineko sorkuntzak ikusi leitekez, baita autortzea ukatu izan jaken artista afroamerikar eta espainiarrak be. 

Hurrenkera kronologikoz ipini ditue obrak, era horretara abstrakzinoaren bilakaerea zedarritu daben mugarriak garbiago nabarmentzeko. Emakume artistei aitzindari lana autortzeaz haragokoa da asmoa, historian leku barri bat emon nahi izan deutse.

Christine Marcel eta Karolina Lewandowska dira komisarioak, eta Guggenheimeko arte-arduradun Lekha Hileman Waitollerren laguntzinoa izan dabe. Berez, Emakumeak abstrakzioan erakusketearen antolatzaile nagusia Parisko Pompidou Zentroa da, Bilboko museoa laguntzailea baino ez da izan.

Erakusketearen osogarri, gune didaktikoa ipini dau Guggenheimek, emakume abstraktugileen lana, pentsakerea eta eragina jorratzeko. Ganera, asmo handiko katalogoa argitaratu dabe: bost saiakera orokor, gaikako beste hamabost eta erakusketako artista bakotxari eskainitako 112 testu dakarz. Abstrakzinoari eta historia feministeari lotutako jazoeren kronologia batek osotzen dau argitalpena.

Katalogoa, jatorriz, frantsesez plazaratu eban Pompidou Zentroak. Guggenheimen ekimenez, gaztelaniara eta euskerara itzuli dabe. Ingelesezko bersinoa be badago. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu