Zaldibarko ospitaleko pinturak eta Berrizko organoa ezagutu ahal izango dira asteon

Bizkaie! 2021-10-22 09:16   Kulturea

Gerediaga alkarteak hitzordu bi atondu ditu, Europako Ondarearen Jardunaldien barruan.

Juan de Aranoaren margolanak, Zaldibarko ospitaleko kaperan (argazkia: Txelu Angoitia) | Ikusi handiago | Argazki originala

2021eko Europako Ondarearen Jardunaldien barruan, Gerediaga Alkarteak jarduera ugari antolatu ditu, Durangaldeko historia aberatsa herritarrei hurreratzeko. Garai, Iurreta eta Mañarian egin ditue orain arteko saioak, eta, aurtengo egitaraua biribiltzeko, astegoienean Zaldibarrera eta Berrizera joko dabe.

Urriaren 22an, barikuan, Zaldibarko ospitaleko kaperako pinturen inguruko berbaldia egongo da, liburutegi zaharrean (18:00). Juan de Aranoak egin zituan margolanak, baina gaur egun ezin dira bisitau. Hortaz, berbaldian Txelu Angoitiak egindako argazkiak erakutsiko ditue.

Astola aldizkarirako ikerlan eta erreportaje sakona egin eben Enrique G. Arzak, Itxaso Martelok eta Sonia Polok, Zaldibarko ospitaleko kapereak gordeten dituan pinturen inguruan. Horreek hirurek hartuko dabe parte berbaldian. Aurretik izena emon behar da ejardunaldiak@gmail.com helbidean edo 673 00 59 81 zenbakian.

Bestetik, Berrizko organoak ehun urte bete dituanez, urriaren 23an kontzertu berezia egongo da Joanes Bataiatzailearen eleizan (18:00). Miriam Cepeda organisteak joko dau tresna historikoa, berriztarrek haren soinua zelakoa dan ezagutu eta musikaz gozau deien. Pantaila bat ipiniko dabe, organistearen eta organoaren mobimentuak zehaztasunez ikusi daitezan. Luis Alberto Requejok lagunduko deutso Cepedari, klarineteagaz. 

Berrizko organoa (argazkia: Txelu Angoitia).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu