Bilboko udaletxea ezagutzeko bisita gidatuak martxan
2021-10-21 09:32 KultureaAstelehenetik barikura izango dira, doban.
Bilboko Udalak urriaren 25ean ekingo deutso udaletxearen eraikina barrutik ezagutzeko bisita gidatuen programeari. 2020ko hasikerara arte, jentearen artean harrera bikaina eukan egitasmoetako bat zan hori, baina pandemia hasi zan ezkeroztik geldirik egon da. Osasun arloko araudia arindu danez, Udaleko arduradunek erabagi dabe bisitaldiak barriro martxan jartea.
Joaquín Rucoba arkitektoaren diseinuan oinarrituta, 1892an eregi eben Bilboko gaur egungo udaletxea. Herritar askok ezagutzen ez dituen areto eta txoko ugari ditu barruan, batzuk dekorazino aberats eta estilo arkitektoniko ikusgarridunak. Era berean, udal langileen eta ordezkari politikoen lanerako guneak be badagoz.
Bisita gidatuetan erakutsiko ditue Arabiar Aretoa, Udalbatzar Aretoa eta eskilara inperial handia, besteak beste.
Astelehenetik barikura egin ahal izango dira bisitak, 09:00etan eta 10:00etan. Gidarien azalpenak euskeraz zein gaztelaniaz entzuteko aukerea emongo deutse parte-hartzaileei. Txanda bakotxean 20 lagun sartu ahal izango dira gehienez, danak maskarea jantzita. Udalbatzarra dagoan egunetan eta oporraldietan ez dira egingo.
Izena emon nahi dabenek Ezagutu udaletxea webgunera jo leikie erreserbea egiteko (bisita birtuala be egin leiteke hor). Bestela, girpa@bilbao.eus helbidera idatzi edo 94 420 48 10 zenbakira deitu leikie. Bisita gidatuak doban dira.
Udalak emon dituan datuen arabera, 2019an 159 bisita gidatu egin ziran udaletxean, eta 3.551 lagunek hartu eben parte. 2020ko martira arte, beste 972 bisitari joan ziran, 41 hitzordutan, baina programea eten egin behar izan eben pandemia heldu zanean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!