Euskal kulturearen jaia egingo dabe Ingalaterrako Somerset konderrian

Bizkaie! 2021-10-21 08:42   Kulturea

Eduardo Chillidaren obrearen inguruko erakusketeagaz lotuta dago ekitaldia.

Eduardo Chillidaren eskulturea Hauser & Wirth-en erakusketan, Somerseten | Ikusi handiago | Argazki originala

Basque Cultural Festival, hau da, Euskal Kulturearen Jaialdia, egingo dabe urriaren 22an eta 23an Ingalaterra hego-mendebaldeko Somerset konderrian, Hauser & Wirth galeriak Bruton herrian dauen egoitzeak antolatuta. Izan be, Eduardo Chillida artista donostiarraren obrearen inguruko erakusketea ipini dabe galerian, eta euskal kulturea hango publikoari aurkezteko aprobetxau nahi dabe.

Musika eta jantza tradizionalen bidez, edade guztietako jentea konbidau dabe euskal esperientzia ezagutu eta euskal ondare aberatsaren barri izan deien. Eduardo Chillidaren obran funtsezkoak diran gaiakaz lotura barriak sortzea da asmoa, musikearen eta jantzearen bidez.

Euskal Herriko sortzaileak joango dira Brutonera egunotan, esate baterako, Oreka TX eta Kukai. Txalapartea zer dan azalduko deutse Oreka TX-koek hangoei, kontzertua joteaz gan. Kukaikoek, ostera, Chillidaren eskulturen artean egingo dabe jantzan. Ganera, Euskal Herriko gastronomia tradizionalean ezagunak diran produktuak probau ahal izango ditue bisitariek, besteak beste, pintxoak eta ardaoa. 

Bere ibilbide artistiko osoan, Eduardo Chillidak lotura sakona izan eban Euskal Herriko identidadeagaz, azaldu dau Hauser & Wirth etxeak. Chillida Lekuko Lurra Cafe-ko sukaldari nagusiak Durslade Farm-en egongo dira, euskal gastronomian oinarritutako menuak lantzen. Ume eta familientzako tailerrak be egongo dira Brutonen.

Hauser & Wirth galeria suitzarrak Hernaniko Chillida Lekugaz dauen aspaldiko hartu-emonari esker atondu ahal izan ditue erakusketea eta Euskal Jaialdia. Etxepare Euskal Institutuak be lagundu dau. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu