Martiaren 31ko bonbardaketan lurperatutakoen familiartekoak bilatzeko ikerketa lana hasi dabe Durangon
2021-10-21 08:08 KultureaGerediaga eta Durango 1936 dabiz ikerketa lana egiten, Durangoko Udalaren babesari esker.
Durangok 1937ko Martiaren 31n bonbardaketa handia bizi izan baeban be, gehiago be egon ziran, baina Durangokoa biktima gehien eta hondamendi handiena itxi ebana izan zan. Danetara, 336 biktima zuzen zenbatu ziran. Gehiago be izan zirala esan daiteke, zeharkakoak kontuan hartu ezkero.
Erasoan hildakoak Durangoko kanposantura eroan zituen egunean bertan eta ostekoetan eta asko hobi komunetan lurperatuak izan ziran.
2001. urtean, Jon Irazabal Gerediaga Alkarteko historialariak 1937ko Martiaren 31n izandako bonbardakeetari buruzko liburua idatzi eta bertan hobi komunetan sartutakoen zerrendea argitaratu eban. Biktima horreetaz ez dakigu gauza handirik: 82 gizon-emakumeri buruzko erreferentzia bakarra izen-abizenak kasu batzuetan, edota txarrenean lurperatu zituen sasoiko plaken erreferentzia-zenbakia baino ez dira.
Orain, lurperatutakoak identifikau eta gaur egungo familiarteko eta ondorengoak lokalizetako ikerketa lanari ekin deutse alkarte biek, Durangoko Udalaren babesari esker. Horretarako, Gogora Institutuak zabaldutako diru-laguntza deialdi batera be aurkeztu dabe egitasmoa. Hiru hilebeteko egitasmo xumea izango da eta amaieran topautako senitartekoakaz topaketea egitea be bada asmoa, izan be, bonbardaketen ondorioz Durangoko kanposantuko hobi komunetan lurperatutakoei gune duina atontzeko aukerea zabaldu daitekeelako. Gaur gaurkoz, dozena bat senitartekoren erreferentziak eskuratu ditue, hilebeteko bidea egin dauen ikerketan. Esangura horretan, Durangoko Udalak hobi komun horreen kokapena identifiketako eskaera ofiziala egin eutson uda aurretik Gogora Institutuari.
Durangoko kanposantuko hobi komunetan sartutakoen zerrendea argitaratu dabe Gerediaga Alkartearen (www.gerediaga.eus), Durango 1936 Kultur Alkartearen (durango1936.org) eta Durangoko udalaren (durango.eus) webgunean.
Inork informazinorik izango baleu ikerketea egiten dabizen alkarteakaz hartu-emonetan jarteko deia be plazaratu dabe: gerediaga@gerediaga.eus da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!