Del Teso, Beriain eta Fraile, Purroy, Flor, Ruiz de Azua eta Eva Caballero dira Euskal Kazetaritza Sariak

Bizkaie! 2021-10-20 12:48   Kulturea

Euskal Kazetarien Alkarteak eta Kazetarien Euskal Alkargoak atondutako Euskal Kazetaritza Sariak emon ditue.

BBK, Euskaltel, Ihobe, Bilboko Udala eta LOGI Taldearen babesari esker, Begoña del Teso Euskal Kazetariak ataleko saritua izan da; Adierazpen Askatasunaren José María Portell David Beriain eta Roberto Fraileri egokitu jake; Ibilbide Profesionalaren saria, Mirentxu Purroyri; Personaia edo Giza instituzinoaren saria EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadearentzat izan da; Kazetaritza Digitala – Narratiba barriak, Julio Florren Blog Rioja Alavesa blogarentzat; Juantxu Rodríguez Fotokazetaritza saria Ángel Ruiz de Azuari egokitu jako eta Eva Caballerori, barriz, Ingurumen - kazetaritza. Sarituak, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat komunikabidetako ordezkariek osotutako epaimahai batek aukeratu ditu.

Euskal Kazetariak Saria

Begoña del Teso da irabazlea.

Helburua da gure lanbiderako adibide eta hantustea dan EAEko informazinoaren profesional bat omentzea, Euskadin, maila nazionalean edota nazinoartean egindako lanagaitik. 2007. urtean (1. edizinoan) Manu Leguinechek irabazi eban saria; 2009an (2. edizinoa) Sarita Estévezek; 2011n (3. edizinoa) Iñaki Gabilondok; 2015ean (4. edizinoa) Mikel Ayestaranek; 2016an (5. edizinoa) Jon Sistiagak, 2017an (6. edizinoa), Ane Irazabalek; 2018an (7. edizinoa), César Cocak eta 2019an (8. edizinoa) Olatz Arrietak. 9. edizinoko saritua (2020) Zigor Aldama izan zan.

Adierazpen Askatasunaren José María Portell Saria

David Beriainek eta Roberto Frailek eskuratu dabe kazetaritza ausart, arriskutsu eta deserosoa egiteagaitik, beste batzuek ezkutatu nahi duten errealitate baten beharrezko ertz eta ñabardurak erakusten dituana. Profesional bion heriotzek agertarazo dabe Adierazpen Askatasunaren defentsan oraindino egiteko dagoan bide luzea.

Ibilbide Profesionalari Saria

Aurtengo saritua Mirentxu Purroy kazetari eta zinema zuzendaria izan da, euskal kazetaritzako profesional lez izandako ibilbide oparoa aintzatesteko. Punto y Hora-ren sortzailea eta Egin-eko zuzendaria, bokazinozko kazetaritzearen nobleziaren defendatzailea dogu; kazetaritzea momentu gogorretan bizi izan dau eta bizitea egokitu jakon sasoiaren aurreko konpromisotik bizi izan dau beti ogibidea.

Kazetaritza Digitala Saria - Narratiba barriak

Saritua Julio Florren Blog Rioja Alavesa bloga izan da. Orain zazpi urte sortu zan, Arabako Errioxako Ardaoaren eta Mahastiaren Kultura Paisajearen UNESCOren Munduko Ondare izateko Hautagaitzeari laguntzeko. Denporearen porasuz, komunikabide bihurtu da eta egileak Euskadiko hegoaldeko landa-eremuan oinarritutako kazetaritzea egiten dau.

Fotokazetaritza Saria

Aurtengo saritua (2021) Ángel Ruiz de Azua izan da. Orain erretirauta dago baina euskal fotokazetaritzearen historian izen garrantzitzuenetako bat da. Sari hau omenaldi bat da, haren profesionaltasunari zor jakon aintzatespen justua, hain zuzen.

Ingurumen-kazetaritza Saria

2021eko saritua Eva Caballero izan da, kazetaria eta Radio Euskadiko La Mecánica del Caracol saioko zuzendaria. Kazetari aparta izateaz gan, urte askotako esperientzia dau eta zorroztasunez eta seriotasunez lantzen ditu gaiak.

Epaimahaikideak

Jesús Coterón, EKEko presidentea eta KEEko dekanoa; Amaia Goikoetxea, EKEko presidenteordea eta KEEko dekanordea; Nekane Lauzirika, EKEko eta KEEko idazkari orokorra; Juan Manuel Gutiérrez, EKEko eta KEEko diruzaina; Carmen Torres Ripa, kazetaria; Ana Irene del Valle, EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko dekanoa; Martxelo Otamendi, Berriako zuzendaria; Pedro Briongos, El Correoko zuzendariari atxikitua; Iñaki González, Deiako zuzendaria; Txema Villate, EFEko ordezkaria Bilbon; Isabel Octavio, EiTBko estrategia eta komunikazio zuzendaria; Ángel López, Onda Vascako zuzendaria; Jabier Onaindia, Radio Popularreko zuzendaria; Juan Carlos de Julián, Onda Cero Euskadiko informatiboen koordinatzailea; Begoña Marañón, Cadena SERreko zuzendaria; Javier Tutor, COPE Euskadiko herrialdeko zuzendaria; Jon Kepa Idoyaga, RNEko Euskadiko Albistegien Burua eta RNE Bilboko arduraduna; Antolín Lekue, RTVE País Vasco-ko zuzendaria; Mireya Álvarez, BBK-ko KomunikaziNo zuzendaria; Joseba San Nicolás, Euskalteleko komunikaziNo ataleko arduraduna; eta Yolanda Rodríguez, Ihobeko komunikaziNo arduraduna.

2021eko Euskal Kazetaritza Sariak, Idoia Jauregi eta Jon Uriarte kazetariek aurkeztuko daben emote ekitaldian emongo dira datorren zemendiaren 10ean, eguaztenean, arratsaldeko 19:00etan Bilboko BBK Aretoan (Kale Nagusian).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu