Eup! atarira beste 279 komertzio batuko dira

Bizkaie! 2021-10-19 12:25   Pil-pilean

Bizkaiko dendetako 8.000 produktu inguru dagoz salgai plataforman.

Martxan jarri zanetik lau hilera, balantzea egiteko ordua heldu jako Eup! atariari. Bizkaiko denda txikien produktuak online saltzeko plataformea da Eup!, BBK-k eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatua, enpresa handien aurrean Bizkaiko herri eta auzoetako dendek be interneten lekua izan deien. Bizkaiko Batzar Nagusietan agerraldia egin dau Ekonomia Sustapeneko diputadu Ainara Basurkok, eta beste talde politikoek be euren eretxia emon dabe.

Dagoeneko, Bizkai osoko 350 komertzio inguruk egin dabe bat atariagaz, eta euren produktuak internetez saltzen hasi dira, Basurkoren arabera. Pandemiaren eraginez bizkortu egin da erosketak internetez egiteko ohiturea herritarren artean, eta, beraz, diputaduak azpimarratu dau ezinbestekoa dala dendei tresna bat emotea plataforma handiakaz lehiatzeko.

Eup! zabaltzen doa, bagilaren 6an martxan hasi zanetik. Orain arte izena emondakoei beste 279 komertzio batuko jakez laster. Atxikipen fasean dagoz, Basurkok aurreratu dauenez. 

Elkarrekin Bizkaia talde politikoak eskatuta egindako agerraldian, Ainara Basurkok azpimarratu dau punta-puntako plataforma lehiakorra eta iraunkorra dala Eup!, sektoreko hainbat eragileren laguntzinoari esker, horreen artean, Cecobi, Bizkaidenda, Bilbodenda eta Bilboko Merkataritza Ganberea. Une honetan, ordenagailutik edo telefono mobikor batetik erosi daitekezan 8.000 produktu baino gehiago dagoz digitalizauta.

Ataria aurrerapausu garrantzitsua da Bizkaiko lekuan lekuko saltoki txikientzat, hurrekotasunak emoten dauen berme eta konfiantzatik lehiakorragoak izateko. Diputaduaren berbetan, atariak epe ertain eta luzera hazkundea eta iraunkortasuna bermatu gura ditu.

Oposizinoko taldeek, baina, plataformearen orain arteko emoitzak txikiak izan dirala erantzun dabe, ez da lortu txikizkako merkataritzea erakartea. Gogoan izan behar da 12.000 komertzio dagozala Bizkaian. Horregaitik, atariaren eredua barriro planteetako deia egin dabe. Urriaren 5eko datuen arabera, plataformeak 5.736 euroko fakturazinoa baino ez dau izan sortu zanetik. 

Ganera, oposizinoak uste dau Bilboko eremu metropolitarrak pisu handiegia dauela plataforman, gaur egun atxikita dagozan denden % 47 uriburukoak dira. 

Ainara Basurkok, kritika horreek entzunda, azaldu dau epe luzerako egitasmoa dala Eup!. Urte askoan merkaduan egon diran plataforma erraldoien aldean, hasibarria da eta pazientzia behar da. Saltokiek eurek eskatzen euskuen euren negozioak digitalizetako, kontsumitzaileen usadio eta ohituren bilakaerea ikusita, ganeratu dau diputaduak. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu