Ondarearen inguruko nazinoarteko topaketea egiten dabiz Bilbon

Bizkaie! 2021-10-19 10:22   Kulturea

Bizkaia Aretoan 70 aditu inguru batu dira.

Adituak azalpenak emoten, Bizkaia Aretoan (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur eta bihar, urriak 18 eta 19, nazinoarteko topaketea egiten dabiz Bilboko Bizkaia Aretoan, Charter Workshop izenburupean (Cultural Heritage Actions to Refine Training, Education and Roles-Kultura Ondarearen ekintzak, prestakuntzea, hezkuntzea eta rolak hobetzeko). Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta EHUk antolatu dabe jardunaldia alkarlanean. 

Helburua da Europako kultura ondarearen eremurako jarraibide sektorialak eta lanbidean jarduteko konponbideak ezarteko bideak aztertzea. Sektorean estrategia iraunkor eta oso bat sortzearen inguruan egiten dabiz gogoetea bertoko eta nazinoarteko adituek. 

Jaurlaritzearen eta EHUren ordezkariakaz batera, kultura ondarearen sektoreko erakundeetako adituak eta profesionalak dagoz topaketan. Besteak beste, zaharbarritzaileak, museoko teknikariak, arkeologoak, irakasleak eta ikerlariak konbidau ditue, 70 aditu inguru.

Ordezkaritzea bialdu dabe Bartzelonako eta Goteborgeko unibersidadeek, Vienako Arte Ederren Akademiak, Esloveniako Ondare Kulturala Babesteko Institutuak, Irlandako Ondare Sailak eta Duomoko Veneranda Fabbricak. 

Charter ekimena Bartzelonako Unibersidadeak gidatuta ipini eben martxan 2021eko urtarrilean, lau urterako. Europa osoko 21 kide oso eta beste zazpi erakunde afiliadu ditu, hamalau herrialdetakoak. Eskualdeetako ondarearen ekosistemeari arreta berezia emoten deutso ekimenak, eta, horregaitik, Europako bost eskualdek hartzen dabe parte egitasmoan.

Euskal Autonomia Erkidegoa da Charter-en dagoan bost eskualdeetako bat. Besteak Alentejo, Toskana, Bremen eta Vastra Götaland dira. Eskualdeon jarduna koordinetako antolatzen diran jardueren artean dagoz Charter Workshop topaketak, eta horreen artean lehenengoa da Bilbon egunotan egiten dabizana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu