Ibarrolaren 'Guernica' barriro ikusi leike publikoak
2021-10-19 08:32 KultureaBilboko Arte Eder Museoan ipini dabe, 1980ko hamarkadatik gordeta egon eta gero.
Agustin Ibarrolak 1977an egin eban Guernica obrea, Pablo Picassoren izen bereko pintureari omenaldia egiteko. Sasoi baten jentaurrean sarri erakutsi bazan be, 1980ko hamarkadatik gordeta egon da publikoaren begiradatik urrun, harik eta Bilboko Arte Eder Museoak piezea erosi eta jentaurrean erakustea erabagi dauen arte.
Bagilean erosi eban Ibarrolaren formatu handiko pinturea museoak, Madrilgo Arco Azokan, 300.000 euroren truke. Luzaroan Agustin Ibarrolaren baserrian egon zan gordeta, Kortezubiko Oma bailaran, eta egoera onean egoanez, Konserbazino eta Zaharbarritze Lantaldeak prebentzinozko tratamendu bat baino ez deutso emon behar izan, publikoari erakutsi aurretik.
Iberdrolaren babesari esker erakutsiko dabe Ibarrolaren Guernica Arte Eder Museoan. Obrearen inguruko jakingarriak eta kontestu sozial, politiko eta historikoa azaltzen dabe, museora eroan diran agiriei esker. Agustin Ibarrolaren obra txikiago bi be ipini ditue Guernica-ren alboan, haregaz lotuta dagozalako.
Friso erako artelanak Pablo Picassoren Guernica ospetsuaren elementuen berrinterpretazinoa egiten dau, Ibarrolaren uniberso artistikoaren kontestuan. 1970eko hamarkadearen amaieran Ibarrolaren obrearen ohiko ezaugarri batzuk ditu, adibidez konposizinoa zeharkatzen daben lerroak. Metafora bisual horregaz diktadurearen sasoiko askatasun faltea salatu eban artisteak.
Picassoren koadroan lez, Ibarrolaren Guernica-n be zuri-baltza da nagusi. Baina artista bizkaitarrak orban gorriak be marraztu zituan, odola balitz lez. Kontuak kontu, Agustin Ibarrolaren obrarik enblematikoenetako bat bihurtu da.
Ganera, Picassoren omenezko erreferentzietatik haragoko balioa be badau hamar metroko koadro luze honek. Lekukotza historikoa da, 1970eko hamarkadako giro politiko eta sozial gorabeheratsuaren barri emoten dauena, orduko gizartearen burrukak eta poterearen kontrako jarrerea lehen planora ekarriz.
Ibarrolaren Guernica hasikeratik egon da Arte Eder Museoagaz lotuta. Gernikan euskal artearen museo bat sortzea eta era honetako obra ikonikoak hara eroatea zan orduko artista askoren eskarietako bat, baina Bilboko museoa obrearen behin betiko egoitza bihurtzea be aitatu zan. Gris aretoan ikusi ahal izan zan tarte batez, baina aldi baterako erakusketez aparte, koadroa ez da Bilbon egon orain arte.
Ibarrolaren Guernica-ren etxe barria Arte Eder Museoa izango danez, berbaldien ziklo bat be antolatu dabe bertan. Lehenengo hitzordua urriaren 25ean izango da, Genoveva Tussell UNED unibersidadeko irakaslearen eskutik, Picassoren Guernica-ren bidaien ingurukoa. Bigarren berbaldia 2022ko zezeilaren 25ean emongo dau Miriam Alzurik, Ibarrolaren koadroaren sorkuntzaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!