Bermeoko portuko erretratu zaharrak ikusgai Arrantzaleen Museoan
2021-10-18 09:27 KultureaFede Merinok egin zituan 1974 eta 1976 urteen artean.
Ia mende erdi geroago, bizia berreskuratu dabe Fede Merino getxoztarrak Bermeoko portuan egindako argazkiek, autorearen beraren ekimenez eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Arrantzaleen Museoak lagunduta. Desagertuta edo goitik behera aldatuta dagoan bizimodu baten lekukotzea emoten dabe zuri-baltzezko erretratuek, eta digitalizauta ikusi ahal izango dira Arrantzaleen Museoan, 2022ko bagilaren 26ra arte.
Kresala. Bermeo 1974-1976 erakusketea atondu ahal izateko, lan handia egin behar izan dabe Fede Merinok eta Arrantzaleen Museoak. 140 irudi inguru atera zituan urte hareetan, Bermeoko portuko jentea, bizimodua, ohiturak eta zereginak erakusteko, baina, ia mende erdi pasauta, hori guztia hondatu edo galdu egingo ete zan bildur zan egilea.
Hortaz, funtsa digitalizeteari ekin eutsan, Karlos Merino semeak lagunduta. Ahalegin horri esker, argazkiok kalidade hobean eta formatu handian ikusi leikiez orain Arrantzaleen Museoko bisitariek. Ganera, funtsa Bizkaiko Foru Aldundiaren artxiboetan gordeko da, herrialdeko ondare immaterialaren parte dalako.
Erakusketarako 30 argazki aukeratu ditue, eta museoko azken solairuan ikusi leitekez. Irudi bakotxak informazino-txartel bat dau alboan, argazkilariak berak eskuz idatzitako ohar eta guzti. Zemendian, argazkietako batzuk Bermeoko dendetako erakusleihoetan be erakutsiko ditue.
Edade batetik gorako herritar ugariren gomutak bizibarrituko dituan erakusketa honegaz batera, katalogoa be argitaratu dau Arrantzaleen Museoak. Obra horretan, argazkien kontestua zehazten da, eduki gehigarri batzuk sartzeaz gan: Aingeru Astuik Bermeoko ezizenen inguruan egindako azterlana, Aritz Abaroa alkatearen berbak eta bere sasoian Julio Caro Barojak Merinoren lanaren kontura egindako gogoetea.
Katalogoa Arrantzaleen Museoan bertan erosi leikie interesa dabenek.
Fede Merinok (Getxo, 1943) 50 urte baino gehiago egin ditu argazkigintzan eta gizakia ezagutzera bideratu dau bere lana, ikerketa-argazkigintzearen eta etnografikoaren bidez. Luzaroan Bilboko Euskalduna Jauregiko eta Arriaga Antzokiko argazkilari ofiziala izan zan. Argazkietan batu zituan Bilboko hainbat eraikin enblematiko eregiteko prozesuak, adibidez Guggenheim.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!