Bizkaiak emakumearen zeregina autortu dau
2021-10-15 13:46 KultureaLanda Eremuko Emakumeen Nazinoarteko Eguna da gaur, urriak 15.
Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruak eta eta BFAko Amaia Antxustegi Ziarda Ingurune Naturala Jagoteko foru Diputatuak harrerea egin deutse Bizkaiko landa eremuan emakumeen bizi-baldintzak hobetzeko behar egiten daben emakumeen kolektiboetako ordezkariei, Landa Eremuko Emakumeen Nazinoarteko Egunagaz bat etorrita.
Gernikako Batzar Etxeko Beiratearen Aretoan egindako jardunaldian, Landa XXI eta Saskia alkarteetako ordezkariek hartu dabe parte eta bakotxak bere esperientzia kontau eta emakumeek landa-eremuan bizi daben egoerearen ganeko ikuspegia konpartidu dabe, emakumezko entzuleen aurrean, batez be. Maria Eugenia Ramosek, Gizaguneko arduradunak zuzendutako barriketaldian, landa eremuko menpekotasunaren mundua jorratu dau.
Jardunaldiak, landa eremuan belaunaldiz belaunaldi balioak eta ezagutzak transmitiduz emakumeek beti egin daben behar garrantzitsuari balioa emoteko balio izan dau, Otaduik bere ondoetorrian esan dauenez. Berbok Bizkaiko landa eremuko emakumeen kolektibo osoaren lana autortzeko balio izan dabe. Bizkaiko Batzar Nagusietako buruak ohartarazo dauenez, oraindino bide luzea dago bardintasuna lortzeko parte-hartzeari jagokonez eta HAZIren datuetan oinarritu da baieztapen hori egiteko. Fundazino horren arabera, Euskadin 9.000 emakume baino gehiago dagoz euskal nekazaritzearen sektorean baina nekazarien alkarteen eta erakundeen erabagi-organuetan daben ordezkaritzea % 25ekoa baino ez da. Ganera, landa eremuko 10 emakumetik hiruren beharra ez da familia-ustiategien titulartasunean islatzen, emakume horreek egiten daben produkzino-lana familia-laguntzatzat hartzen dalako. Hori dala eta, gaurkoa moduko ekitaldiak oso garrantzitsuak dira emakumeek landa munduaren garapenean egiten daben ekarpena guztien aurrean autortzeko eta kopuru horreek aldatzeko arlo guztietatik behar egiteko.
Beste alde batetik, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Jagoteko foru Diputaduak azpimarratu dauenez, beharrezkoa da emakumeak eta oraindino gitxi autortzen diran euren dedikazinoa eta konpromisoa landa eremuan ikusarazotea. Esangura horretan, landa eremuan emakumeen beharra ustiapenean eta animalien jagoletzan behar egitetik harago doala esan dau: Zuen ekarpena upealakoa da, landa ingurunean behar egiteko dozuen indarra apartekoa da, baita zuen familia-egiturak osotzen dituan personak jagoteko dozuena be. Zuen beharra erabateko dedikazinoa eskatzen dauen beharra da eta gizarte moduan autortu eta eskertu behar dogu.
Amaia Antxustegik adierazo dauenez, Landa Eremuko Emakumearen Nazinoarteko Eguna egiten jarraitzen bada, oraindino emakume horreen aautortzan bidea egiteko dagoalako da: Aurrerapausuak emon doguz, bai. Eta emoten jarraituko dogu, lortuko dozuela, zuen ezaugarri dan gogortasunagaz. Euskal erakundeak, tartean Bizkaiko Foru Aldundia, zuei laguntzeko egongo dira. Konpromiso sendoa dogu landa ingurunean bardintasuna lortzeko, gaineratu dau.
Bizkaiko Foru Aldundiaren konplizidadeagaz, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak, ekitaldi honen bidez, lehen sektorea indartzeko hain gogor behar egin daben emakumeen benetako zeregina aldarrikatu gura izan dabe, osoko bilkuretarako eta harrera nabarmenetarako gordetako Legebiltzarraren egoitza enblematikoan. Horregaitik, bertan egozan emakumeak ohorezko aurreskua jaso dabe euskal askatasunen sinbolo unibersalenetako baten, Gernikako Arbolearen, ondoan, hain zuzen be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!