Barbadun errekearen ondare ezkutua erakutsiko dabe urriaren 31n
2021-10-15 12:50 KultureaIbilbidearen alderdi kulturala eta historikoa indartuko da.
Enkarterriko Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen asmoa da industria-iraultzeari eta Enkarterri zeharkatzen dauen errekearen arroari lotutako olagizonen aztarnak balioan jartea.
Urriaren 31n, domekan, Barbadun ibaiaren arroko burdinola, errota eta torreen ibilbidea egingo da. Ibilbide hori Enkarterriko Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak atontzen dabe; kultur ibilbide moduan hartzen da eta ondare ezezagun bati balioa emon gura deutso, XV. mendetik aurrera Barbadun errekearen ertzetan eta haren adarretan eregitako burdinolei, hain zuzen be.
Kultur ibilbideen proiektu hori 2008an sortu zan, Enkarterriko burdinolak. Ondarea erakusketearen inaugurazinoagaz eta Enkarterriko Museoak eta El Pobal burdinolak egindako ikerketa-proiektu baten emoitzea da. Proiektu honen bidez, Enkarterri inguruko burdinolen ondare-aztarnak aztertu gura ziran.
Ikerketak ondorioztatu eban Barbadunen arroan gitxienez hamabost bat burdinolaren arrastoak kontserbetan zirala, gehienak egoera eskasean. Ahanztura horren kontra burrukatzeko, aitatutako erakusketea diseinau, liburu bat argitaratu eta hainbat jarduera egin ziran, besteak beste, naturaz gozetako, kirola egiteko eta Barbadungo kultur ondare aberatsa ezagutzeko pentsautako “Burdinolen ibilbidea”.
Barrikuntzak
Edizino honetan, ibilbidearen alderdi kulturala eta historikoa indartzearen alde egingo da. Hori dala eta, urtekera masibo bat egitea ebitauko da eta taldetan banatutako urtekera mailakatua egitea aurreikusi dabe. Batzeko lekua Muskizko San Juan plazea izango da, 8:30etik 9:30era bitartean. Talde bakotxak museoko gidari bat izango dau, 22 kilometroko ibilbidearen lehen erdian burdingintzeagaz eta haren ondareagaz lotutako eduki nagusiak modu didaktikoan azaltzeko.
Geldialdirik garrantzitsuena El Pobal burdinolan egingo da. Partaideek, www.enkarterrimuseoa.eus webgunean online doban izena emon ostean, ondoen konserbautako Bizkaiko burdinola ikusi ahal izango dabe. Ibilbideak beste gune interesgarri batzuk be izango ditu Barbadunen arroko burdinolea eta errotea izandakoen artean: Bado Ondero, Los Vados, Billotxi, La Olla, Valdivián edo Burdinezko mendietako Bide Berdea.
Ibilbidean jateko eta edateko leku bi izango ditu: bata Santiago baseleizan, Loizaga torrearen ondoan eta bestea ibilbidearen amaieran, Enkarterriko Museoan/Abellanedako Batzar Etxean. Bertatik, autobus batek partaideak abiapuntura eroango ditu barriro.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!