Guggenheim Museoa marrazteko deia
2021-10-15 12:07 KultureaDomekan izango da topaketea, eta edade guztietako jenteak hartu leike parte.
Bilboko Guggenheim Museoak V. Nazinoarteko Marrazki Topaketan parte hartzeko deia egin deutse marrazkilari eta zale guztiei. Domekan, urriak 17, egingo dabe, Guggenheim marrazten lemapean, 11:00etatik 15:00etara. Ekimenaren funtsa erraz-erraza da: parte-hartzaile bakotxak museoan gogokoen dauen txokoa marraztu beharko dau, nahi dauen estiloan eta teknikan, eta, era horretara, Guggenheimen eraikin ikonikoaren danetariko ikuspegiak batuko dira.
Guggenheim markako museoak dagozan hiru urietan aldi berean egingo dabe topaketea, hau da, New Yorken, Venezian eta Bilbon. Frank Gehry, Frank Lloyd Wright eta beste arkitekto askoren oinarri metodologikoa marrazkia dala kontuan izan behar da.
Marrazkigintzan adituak izan zein ez, nahi daben guztiek emon leikie izena Guggenheim marrazten topaketan. Jarduerea bera dobakoa dan arren, eguneko sarrerea pagau beharko dabe interesdunek. Museoak berak emongo deutsez papelezko orriak eta arkatzak parte-hartzaileei, harrerako informazino-mahaietan.
Hortaz, eraikinean sartzeko txartela erosi dabela aprobetxauta, momentu honetan Bilboko Guggenheimen dagozan erakusketak eta instalazinoak bisitau leikiez parte-hartzaileek. Alice Neel: pertsonak lehenbizi, Asmamenaren ildoa eta Guggenheim Bilbao Museoaren Maisulanak erakusketak dagoz orain, baita Cecilia Bengolearen Ur-animazioak bideo-instalazinoa be; azken hau urriaren 24an itxiko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!