XLII. Santurtziko Antzerki Jaialdiak 15 obra dakarz

Bizkaie! 2021-10-15 10:02   Kulturea

Serantes Kultur Aretoan izango dira saioak, urriaren 29tik zemendiaren 30era.

Lorea Bilbao, Aintzane Urkijo eta Itsazain Ortolatxipi (argazkia: Santurtzi Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Pandemiak eragindako murrizketak atzean itxita, % 100eko edukierea izango dau Serantes Kultur Aretoak XLII. Santurtziko Antzerki Jaialdiko emonaldietan, urriaren 29tik zemendiaren 30era. Azkenaldion estreinautako 15 obra sartu ditue egitarauan, santurtziarrek eta bisitariek antzerkigintza barrienaz gozau deien. 

Aurtengo edizinoa aurkezteko agerraldian, Santurtziko Udalaren izenean, Aintzane Urkijo alkateak eta Itsazain Ortolatxipi Kultura zinegotziak hartu dabe parte, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, Lorea Bilbao Kultura diputaduak.

Pozgarria da jaialdi hau pandemiara arte egiten genduan moduan atondu ahal izatea, ahalik eta jente gehienagana heltzeko moduan, Santurtzitik zein Bizkaiko hainbat herritatik datozanentzat, adierazo dau Aintzane Urkijok. 

Egitarau zabala dan arren, euskerazko obra bakarra programau dabe, Amancay Gaztañagaren Atzerrian lurra garratz, Ander Lipus eta Laura Penagos aktoreakaz. Bere jaioterritik alde egin behar izan dauen emakume sortzaile baten istorioan oinarrituta, immigrazinoaren eta sormenaren inguruko gogoetea egiten dau obreak. Zemendiaren 18an emongo dabe.

Lehenengo egunean, urriaren 29an, Cremillo konpainiak Jose Padilla zuzendariaren Golfa aurkeztuko dau Santurtzin. Institutu baten atean golfa dinoan grafitia agertzen da, eta bi neraberen arteko haustura sentimentalaren ondoriozko jazarpen-istorio batera eroango gaitu.

Ganera, Principiantes antzezlana ikusi ahal izango da, Raymond Carverren kontakizun ezagunenetako baten ganean Juan Cavestanyk egindako egokitzapena. Lana maitasunaren ingurukoa da, alkarregaz berba egiten daben lau pertsonaiaren bidez.

Mercado de amores antzezlanak (zemendiaren 6an) umore handiz eroango gaitu erromatarren eta gaur egungo gizartearen ustelkeria eta maitasunera, ustebako amaiera eta guzti. Los remedios (zemendiaren 7an) 1950eko hamarkadako Sevillako auzo bati buruzkoa da.

Jantzeari eta perkusinoari be lekua egingo deutse jaialdian, Currents lanaren eskutik, zemendiaren 12an. Hurrengo egunean, ostera, antzerkia bueltan etorriko da: Doble o nada Miguel Ángel Solá eta Paula Cancio antzezleen lana da, eta hainbat izendapen eta sari jaso ditu. Alexis Michaliken Una historia de amor da zemendiaren 14ko proposamena, Katia eta Justineren arteko maitasun-istorio misteriotsuaren ingurukoa. 

Ondoren etorriko dira Ramón Barearen El viaje a ninguna parte (zemendiaren 19an), Patxo Telleria edo Itziar Lazkano aktore nagusiak dirala; El viento es salvaje (zemendiaren 20an); Conservando la memoria (zemendiaren 21ean; eta Tartufo (zemendiaren 26an).

Amaitzeko, zemendiaren 27an eta 28an, Nevermore eta Vidas enterradas obrak helduko dira Santurtzira, hurranez hurran. Umeentzako be emonaldi berezi bat sartu dabe aurtengo egitarauan, Tarzán (en el diván).

Ikuskizun bakotxerako sarrerak 4 eta 12 euro bitartean erosi ahal izango dira, baina Serantes Kultur Aretoko bazkideentzat merkeago salduko ditue. Ganera, jaialdi osoan erabilteko bonua atera dabe (euskerazko eta umeentzako saioetarako ez dau balio). 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu