Gabriel Aresti gomutan hartu dau Bilbok

Bizkaie! 2021-10-14 13:21   Kulturea

Lora-eskaintzea egin ondoren, idazle bilbotarraren poema batzuk irakurri ditue.

Gabriel Aresti idazle, kulturgile eta euskalari bilbotarraren omenezko ekitaldia egin dabe gaur, hilak 14, haren jaiotzearen urteurrenean, Bilboko Udaleko  eta kulturgintzako ordezkari ugariren parte-hartze eta guzti. 1975ean hil zan Aresti, orain dala 46 urte, baina uriak urtero aldarrikatzen dau haren ekarpen zabala.

Ekitaldi nagusia Bilboko Pio Baroja plazan egin dabe, Aresti han inguruan bizi izan zalako. Udalaren izenean, Juan Mari Aburto alkatea, Gonzalo Olabarria zinegotzia eta udalbatzako beste kide batzuk egon dira. Senide eta lagunak be batu dira. Lora-eskaintzea egin dabe.

Ondoren, idazleek hartu dabe berbea. Gabriel Arestiren poema batzuk aukeratu eta jentaurrean irakurri ditu Miren Agur Meabe idazleak, bilbotarrak euskal literatureari egin eutsan ekarpenaren erakusgarri. Diktadura faxistearen urterik ilunenetan euskal literaturea barritzeko ezinbestekoak izan ziran Arestiren lanak, eta euskera batu modernorako bidean pausu ausartak egin zituan. 

Gabriel Arestiren omenezko eguna arratsaldean biribilduko dabe, Bidebarrieta Kulturgunean (19:00). Jon Kortazarrek eta Amaia Gabantxok Bilbao-Madril-Chicago ekitaldia aurkeztuko dabe. Euskal literaturan eta Arestiren obran aditua da lehena; ingelesera itzuli ditu Arestiren poemak Gabantxok. Saioan sartzea doban da, baina aurretik gonbidapena eskatu behar da.  

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu