Ortze eskola-ontzi elektrikoa Bilbora heldu da
2021-10-08 12:46 KultureaJentearen bisitak hartuko ditu, domekara arte.
Garraiobide jasangarriagoak eta garbiagoak erabilteko ahaleginean, aitzindaria da Ortze, Euskal Herrian eregitako itsasontzi elektrikoa. Pasaiako Blas de Lezo Itsas Arrantzako Ikastegiko eskola-ontzia da, eta, propulsinorako sistema elektriko entxufagarriari esker, 12 milia egin leikez bape hondakinik sortu barik. Distantzia luzeagoetarako, sistema hibridoa darabil.
Egunotan Bilboko Itsasadarrean dago Ortze, Itsasmuseumen moiletan. Domekara bitartean, herritarrek barrutik bisitau ahal izango dabe itsasontzia, ordutegi honetan: barikuan, 16:00etatik 19:00etara; zapatuan eta domekan, 11:00etatik 14:00etara.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Jokin Bildarratzek, osterea egin dau Itsasmuseumera, eta Ortzeren aurrerakuntza guztiak bertatik bertara ezagutzeko aprobetxau dau, Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordeak lagunduta. Ontzia energia garbietara egokitzeko lanetan parte hartu daben enpresetako ordezkariak be egon dira bisitaldian.
Bildarratzek azpimarratu dau etorkizunak dakarzan erronketara egokitzeko eredugarria dala Ortze. Laster, elektrizidadean eta baterietan oinarritutako teknologiak garraioaren sektoreko aplikazino askotan erabiliko dira, baita itsasokoetan be.
Era berean, Ortze egokitzen euskal enpresa eta ikerkuntza guneak ibili dirala gogoratu dau sailburuak. Ingeteam enpresa bizkaitarra buru, Ortze-CV izeneko partzuergoa eratu eben, proiektuaren fase guztiak aurrera eroateko. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren enpresen I+Gari laguntzeko programearen babesa izan dabe.
Lehen, diesel bidezko motorragaz ebilen itsasontzia, eta orain 450 KW-ra arteko potentzia eta 1.800 rpm-ra arteko abiadurea dauen motor elektrikoa ipini deutse. Bateria-moltso bi be baditu, energia biltegiratzeko. Diesel motor txiki bat sistema elektrikoaren osogarria da. Portuan dagoanean, Ortzek bateriak kargau leikez portuko sare elektrikora konektauta.
Motor elektriko hutsez dabilenean, Ortze guztiz isila eta zero emisinoko garraiobidea da. Modu hibridoan, ostera, emisinoak eta konsumoa % 25 txikiagoak dira, ohiko sistemakaz konparauta. Itsasertzean eta eremu babestuetan, ingurumena errespetetan dauela nabarmendu dabe proiektuaren arduradunek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!