Abdulrazak Gurnah-rentzat 2021eko Literaturako Nobel Saria

Bizkaie! 2021-10-08 09:23   Kulturea

Afrikako kolonialismoaren, errefuxiatuen eta erbestearen errealidadeak agertzeagaitik saritu dabe.

Kiniela eta apustu nagusietatik kanpo egon dan autore bati emon deutse 2021eko Literaturako Nobel Saria, zale askorentzat be ezezaguna dan Abdulrazak Gurnah idazle beteranoari. 1948an Afrikako Zanzibarren jaioa, Indiar Ozeanoaren ertzean, Erresuma Batura alde egin behar izan eban. Inglesez idazten dau.

Suediako Akademiak nabarmendu dauenez, Gurnah saritu dabe, Afrikan kolonialismoak eragindako efektuen azalpen hunkigarriagaitik eta errefuxiatuen gorabeherak agertzegaitik, kulturen eta kontinenteen arteko amildegian. Norberaren herrialdetik alde egin beharraren eta erbestearen gaiak sarri agertzen dira Nobel saridunaren liburuetan. 

Izan be, Zanzibar jaioterrian gitxiengo musulmanaren kontra zabaltzen hasi zan giro gaiztoaren erruz, erbestera jo eban Gurnah-k gaztetan, lehenengo Nigerian ikastera eta, 1960ko hamarkadearen amaieran, Ingalaterrara. Han egin eban doktorautzea. 

Gaur egun oraindino Erresuma Batuan bizi dan eta ingelesez idazten dauen arren, Gurnah-k ez dau bere jatorria ahaztu. Ekialdeko Afrikan kokatzen ditu nobela asko, Zanzibarren jaiotakoak dira personaia nagusi gehienak. Hori bai, kasu askotan, euren eremutik urrundutako protagonistak erakusten ditu Gurrah-k, bizitzeak lekuz kanpo jarri dauen jentea. Erbesteak eta emigrazinoak personen gogoan eragiten dauen arrakalea aztertzeko bidea da hori. 

Abdulrazak Gunrah-k hamar nobela argitaratu ditu: Memory of Departure (1987), Pilgrims Way (1988), Dottie (1990), Paradise (1994), Admiring Silence (1994), By the Sea (2001), Desertion (2005), The Last Gift (2011), Gravel Heart (2017) eta Afterlives (2020). 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu