Bizkaiko 13 emakumeren 'ahotsak eta oihartzunak' batu ditue liburu baten
2021-10-08 08:16 KultureaAlazne Diez Muñiz da autorea.
Bizkaiko Foru Aldundiak argitara emon dau Ganbara argitua. Emakumeen ahotsak eta oihartzunak izeneko liburua, arlo sozial, politiko eta kulturalean nabarmendu diran 13 emakumeren bizipenez eta lekukotzez osotutako lana. Bilboko Euskal Museoan aurkeztu dabe, Foru Aldundiko Kultura diputadu Begoña de Ibarra eta liburuaren autore Alazne Diez Muñiz bertan dirala.
1935 eta 1952 bitartean jaiotako emakumeak dira liburuan agiri diran guztiak. Diez Muñizek egin deutsezen alkarrizketetan oinarrituta, eremu personaleko esperientziak eta bizi-istorioak topauko doguz, sasoi bateko ahotsen oihartzun lez.
Honeek dira 13 emakumeak: María Luisa Amigo Fernández de Arroyabe, Miren Josune Ariztondo Akarregi, Ana Begoña Arzoz del Castillo, Miren Begoña Goicoechea Gandiaga, María Ascensión Larrucea Gómez, Agapita Lavín Setién, Miren Olga Maciá Olaeta, María Begoña Madariaga Otaola, Celia Marañón García, Petra Benedicta Markaida Barrenetxea, María Jesús Meñaka Gangoiti, Blanca Estrella Ruiz Ungo eta Clara Zabalo García.
Euren burua eregi eben emakumeak dirala nabarmendu dau Bizkaiko Foru Aldundiak, mugak eta oztopoak gaindituta euren bidea egin ebenak, gaur egunera arte gizarteari ekarpen aberatsa eginez. Beste belaunaldi batzuentzat eredu edo itsasargi izan daitezan nahi dau Aldundiak, baita generoen arteko arrakalak txikitzeko pausua be.
Egilea, Alazne Diez Muñiz, Plentzian jaio zan 1946an, eta Soziologian eta Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziaduna da, eta Antropologian doktorea. La memoria, herida abierta. Guerra Civil y Franquismo liburuaren autorea da, hori be Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratua.
Ganbara argitua. Emakumeen ahotsak eta oihartzunak liburua Foru Aldundiaren argitalpenen atalean erosi leiteke, online. Euskerazko zein gaztelaniazko bersinoak plazaratu ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!