Eusko Ikaskuntzak eta zazpi unibersidadek jakintzea bultzatuko dabe alkarregaz
2021-10-07 13:49 KultureaPrestakuntzea eta ikerketea izango dira ardatzak, arreta berezia emonda euskereari eta euskal kultureari.
Eusko Ikaskuntzak eta Euskal Herriko zazpi unibersidade nagusiek lankidetzarako esparru-hitzarmena sinatu dabe Bilbon, alkarregaz jakintzea sustatzeko. Honeek dira zazpi unibersidadeak: EHU, Deustuko Unibersidadea, Mondragon Unibersidadea, Nafarroako Unibersidadea, NUP, UNED, eta Pau eta Aturrialdeko Unibersidadea.
Unibersidadeotako errektoreek hartu dabe parte lankidetzea sinatzeko ekitaldian (Nazinoarteko Hartu-emonetako lehendakariordeak Pau-Aturrialdearen kasuan), baita Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak be. Bilboko Udalaren izenean, Juan Mari Aburto alkatea egon da.
Hitzarmen barriaren helburua ezagutzea sustatzera bideratutako lankidetzarako alorra sortzea da, arreta berezia emonda euskereari eta euskal kultureari. Talentua bultzatzeko ekimenak zazpi unibersidadeen eta Eusko Ikaskuntzaren artean partekatzeko konpromisoa hartu dabe, prestakuntzan eta ikerketan batez be.
Era berean, XXI. mendean euskal lurralde bakotxak dituan ezaugarriei buruzko gogoeta estrategikoa egiteko beharra aitatzen da hitzarmenean, baita Eusko Ikaskuntzaren beraren inguruko azterlana egitea eta praktiketako ikasleei erraztasunak emotea be. 1995etik, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Sarietako epaimahaian egoten dira zazpi unibersidadeetako ordezkari gorenak, eta hurrengo urteetan be segiduko dabela adostu dabe.
Unibersidadeetako ordezkariek hitzarmenak dakarzan aukerak azpimarratu ditue, Bilbon egindako agerraldian, gizartea prestakuntzearen bidez eraldatu eta ezagutzea zabaltzeko arloetan. Zeregin horretan, Eusko Ikaskuntzak bidelagun izateko konpromisoa hartu dau, etorkizuneko agertokiak eta estrategiak diseinetan eta gizartean epe luzean egongo diran beharrak aurreikusten.
Lankidetzearen arloan hasitako bide barriaren beste balio azpimarragarri bat unibersidade pribadu zein publikoak batzea izan da, Eusko Ikaskuntzak adierazo dauenez.
Ana Urkizak sinergiak eta lidertza partekatuak sortzearen aldeko apustua egitearen garrantzia nabarmendu dau, asmo horretatik datozalako Eusko Ikaskuntzak azkenaldion sinatutako akordio eta aliantzak, era guztietako erakundeakaz. Euskal Herriko lurralde guztiak batu eta sinergiak sortzeko deia be egin dau Urkizak: Gure Euroeskualdearen inguruan pentsau geinke mugaz gaindiko unibersidade-konurbazinorako sistema bat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!