Aurrez aurreko formatuan dator XV. Mangamore

Bizkaie! 2021-10-07 12:40   Kulturea

Urriaren 8tik 10era, Zornotzan.

Mangamoreko azokea, aurreko edizino baten (argazkia: Amorebieta-Etxanoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Osasun egoerara egokituta, baina bueltan da Mangamore jaialdia, komiki, manga, kultuzko telesail eta antzekoen zaleen topaleku ezaguna. Edizino presentziala izango danez, giro bikaina egongo da Zornotzan urriaren 8tik 10era, hau da, barikutik domekara. Dana dala, jente piloketa handirik ez daiten egon, neurriak hartuko ditu Amorebieta-Etxanoko Udalak. 

Bost gune nagusi izango ditu Mangamoreren 15. edizinoak: Amorebieta IV frontoia, Zelaieta Zentroa, Gazte Txokoa, Zelaieta parkea eta Zornotza Aretoa. Pandemiaren eraginez, aurten ez da bideo-jokoen gunerik egongo. 

Lehiaketak izango dira Mangamoreren ardatzetako bat. Zapatu arratsaldean cosplay zaleen arteko lehia egingo dabe Amorebieta IV frontoian, parte-hartzaileek gogokoen dituen personaien mozorroak jantziko ditue. Modalidade bi egongo dira: mozorroa jantzi eta erakuste hutsa; eta mozorroaz gan personaiaren izakerea be hartzekoa. Domekan, ostera, Asian Dance lehiaketea egongo da. 

Youtube sare sozialak eta bertan dabizan youtuberrek gaur egun daben eragina kontuan hartuta, aurtengo edizino honetako protagonista nagusiak izango dira Pascu eta Rodri youtuber ezagunak. 4,5 miloe jarraitzaile ditu euren kanalak. Zapatuan egun osoan egongo dira Zornotzan, zaleen galderei erantzuten eta euren jardunaren nondik norakoak eta alderdi ezkutuak azaltzen. KibaDubs youtuberrak, ostera, saioa eskainiko dau barikuan.

Star Wars saga zinematografikoaren zaleentzako txokoa Zelaieta Zentroan egongo da, Legion 501 dalakoaren soldadu inperialak agertuko dira han zapatuan, eta Mangamoreren hiru egunetan erakusketa bat be egongo da. 

Zornotza Aretoa be ekitaldiz lepo egongo da asteburu osoan, bideo-jokoen txapelketak eta umeentzako pelikulak tartean. Zornotzako Udal Bandeak kontzertua joko dau zapatuan. 

Umeek eta familiek alkarregaz ondo pasau deien be ahaleginduko dira Mangamoreko arduradunak. Horretarako, jarduera ugari antolatu ditue, besteak beste, txu-txu trena, eskulanak, puzgarriak eta Ureshigaz argazkiak. 

Mangamorek alde serioa be badauela dinoe antolatzaileek, eta aurten Deitze San Vicenteren berbaldia izango da horren erakusgarri: bideo-jokoek sortu leikien ludopatiaren inguruan egingo dau berba, Zelaieta Zentroan, zapatu goizean.

Honenbestez, gustu guztietara egokitutako jarduera ugarik beteko dabe Zornotza hiru egunez. Ekitaldi batzuk internetez emongo ditue. Ganera, Zelaieta parkean manga estiloko produktuen azokea egongo dala gogoratu dabe antolatzaileek.

Mangamoreko ekintzetara joan nahi dabenek gogoan izan behar dabe edukierea zorrotz mugatuta egongo dala. Hortaz, aurretik sarrerea eskuratzeko aukerea emongo dabe, internetez eta doban. Amorebieta-Etxanoko Udalak ohartarazo dauenez, osasun egoerea dala eta, egitarau ofizialetik kanpoko edo baimenik bako beste ekitaldirik ezin da antolatu. 

Arduraz jokatzeko eskatzen deutsuegu, sarrerak aldez aurretik eskatzea eta segurtasun-distantziari eustea, adierazo dau Udalak.

Egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu