Euskal sorkuntza literarioa Quebecen

Bizkaie! 2021-10-07 09:06   Kulturea

Literaturea eta eleaniztasuna ardatz, kongresua egingo da Laval Unibersidadean.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Laura Mintegi Euskal PEN Klubeko buruak eta Itxaro Borda idazleak Saison Québec – Pays Basque 2021-2022 egitasmoaren barruan egingo diran hainbat ekitaldi aurkeztu ditue Donostiako Tabakaleran.

Kongresua Laval Unibersidadean

Laval Unibersidadeak, Etxepare Euskal Institutuak, Quebeceko PEN Klubak eta Euskal PEN Klubak urriaren 13an eta 14ean egingo dan ‘La voix des autres-Besteen ahotsa, Eleaniztasuna eta literatuera: Euskal Herria eta Quebec’ kongresua atondu dabe, pandemia dala eta online egingo dana. Egunero aurkezpenak egingo dira eta mahai-inguruak be bai saio bakotxaren amaieran. Adituen berbaldietan ondorengo gaiak landuko dira: hizkuntza gitxituak dituen ingurune eleaniztunak, literatura frantziar-quebectarra, gitxiengo ikusgarrien edo kulturalen literaturea eta produkzinoa Euskal Herrian, Quebecen eta Ipar Amerikan.

Quebec en toutes lettres

Urriaren 14tik 24ra egingo dan Québec en toutes lettres jaialdi entzutetsuan, euskal literatureari eskainitako gaua atondu dabe Quebec uriko Zibilizazinoaren Museoan, urriaren 16an, 19:00etan, Soirée découverte Accent basque izenburupean.

Batetik, euskal literatureari buruzko mahai-ingurua egingo da Itxaro Borda eta Kirmen Uribe idazleak eta Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria bertan dirala. Mélissa Verrault idazle eta itzultzaileak gidatuko dau topaketea.

Bestetik, Chejov vs. Shakespeare aurkeztuko da. Oraingoan, Aurelia Arkotxa euskal idazlea eta Jean Désy idazle quebectarra izan dira protagonistak. Urtebetez izan daben korrespondentzian akulturazinoa, kolonialismoa eta kultur aniztasuna lako gaiak izan ditue aztergai, baita pandemia be. Gutun-truke horren emoitzea liburu bihurtu eta jaialdi horretan aurkeztuko da Désy eta Arkotxaren eskutik. Ekitaldian pasarte batzuk be irakurriko dira Trío Zukanen musikaz lagunduta. Bestetik, Maria Zubimendi, Gorka Catediano eta Jon Ansorenak osotutako hirukote honek beste kontzertu bat be emongo dau urriaren 20an, Montrealen, bertako Quasar Saxophone Quartet taldeagaz.

Chejov vs. Shakespeare-en edizino honen azala egiteko hautatutako artistea Higinia Garay irudigilea izan da eta liburua Euskal Herrian zemendian aurkeztuko da, Literaktum jaialdiaren barruan, Donostian.

Bestalde, Québec en toutes lettres jaialdian bertan, Itxaro Bordak Quebeceko literatura eszenan hitzordu bihurtu dan Poesiaren gaua ekitaldian hartuko dau parte.

Itzultzaile Barriak

Nazinoarteko literatura itzultzaileak euskeraz trebatzea eta nazinoarteko literaturea itzultzaileen eta bertakoen arteko zubiak eregitea da egitasmoaren helburua. Yannick Bédard eta Michel Usereau itzultzaile quebectarrak Aiora Jaka EIZIEko kidearen gidaritzapean hurrengo laginen itzulpenak dabiz egiten: Garazi Arrularen Abian eta Ederra eta piztia; Uxue Alberdiren Oreina eta Ezertan lagun diezazuket?; eta Harkaitz Canoren Arrokarik altuena eta Safaria lanenak. Abendurako laginak amaitutzat emon ondoren, Bilboko Gutun zuria jaialdian aurkeztuko dabe. Gainera, aurreikusita dago itzultzaileek egonaldia egitea, 2022an, Euskal Herrian.

Saison Québec - Pays Basque

Euskadiko Filmategian egindako Quebeceko zinema zikloari jarraipena emonez, irailean Basques contemporains zikloa egin da Cinémathèque Québécois-en, 11 euskal film erakutsiz.

Joan-etorriko izakerea duen Saison Québec – Pays Basque programearen helburua da euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat edegitea eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskadin erakustea, hizkuntza, kultura eta artearen bidez herrialde bien arteko hartu-emonak estutzea.

Ekimenak, kulturea, sorkuntza garaikidea eta hizkuntzea ardatz hartuta, diziplina anitzeko eskaintza zabala aurreikusten dau. Proposamen honen bidez euskal kulturea eta sorkuntzearen aberastasuna ezagutzeko aukerea izango dau Quebeceko publikoak eta Quebeceko sorkuntzaz gozetako aukerea izango dau euskal ikuslegoak. Era berean, kultur eragileen arteko lankidetzea eta artista, sortzaile eta kultur industrien hartu-emonak sustatuko dira.

Quebec: lehentasunezko lurraldea

Saison Québec – Pays Basque egitasmoak 2017. urtean, Iñigo Urkullu lehendakariak Quebecera egindako bidaia instituzionalean, hango Lehen Ministro zan Philippe Couillardegaz sinatutako MOU edo Alkar-Ulermenerako Memorandumean dau jatorria, izan be, Quebec, Euskadiren nazinoartekotzeko estrategian lehentasunezko bazkidea baita, besteak beste, Euskadigaz, aniztasun kultural eta linguistikoaren babesa, barrikuntzearen aldeko apustua eta ingurumenagaz eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko konpromisoa konpartiduten dituelako. Akordio horretan, ingurumena, garapen ekonomikoa eta barrikuntzeagaz batera, kultur esparruan herrialde bien arteko lankidetzan sakontzeko helburua jasoten da eta Saison Québec – Pays Basque da, hain zuzen, herrialde bien arteko lankidetzearen emoitzetako bat.

Etxepare Euskal Institutuko ordezkariak hiru aldiz egon dira Quebecen egitasmoa zehazten eta 2019ko garagarrilean Euskadi-Québec kultur topaketa profesionalak egin zituen Gasteiz, Bilbo eta Donostian herrialde bien arteko kultur trukaketak sustatu eta kultur erakusleihoak eratzeko helburuari eutsiz; hori izan zan Saison Québec – Pays Basque atontzeko lehen oausua. Era berean, Lehendakaritzeak eta Quebeceko Kultura eta Komunikazino Ministerioak dirulaguntza deialdiak atara ditue egitasmoko kultur jarduerak laguntzeko.

Kulturearen bidez herrialdeen arteko alkarrizketak sustatzen

Etxepare Euskal Institutua 2019. hasi zan Euskadiren kanpo hartu-emonetarako eta nazinoartekotzerako estrategikotzat identifikautako lurraldeei modu berezian erreparetan eta holan sortu ziran lotura kulturalak, nazinoarteko hartu-emon horreetan kultur dimensinoa txertatu, herrialde eta kultura horrekaz loturak estutu eta hartu-emon iraunkorrak bideratu, sortzaile eta kultur eragileen artean zubiak eregi, lankidetzea sendotu eta eremu kultural eta akademikoan hartu-emonak sustatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu