Leire Urbeltzek egin dau 56. Durangoko Azokako kartela

Bizkaie! 2021-10-06 13:19   Kulturea

BaDA! lemapean, abenduaren 3tik 8ra egingo dabe, baina azoka presentziala 4an zabalduko dabe.

Nerea Mujika eta Leire Urbeltz, kartela erakusten (argazkiak: Durangoko Azoka) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kulturgileen eta zaleen pozerako, 2021ean aurrez aurrekora bueltauko da Durangoko Azokea, online bidezko salmentea baztertuko ez dauen arren. Abenduaren 3tik 8ra izango da 56. edizinoa, baina Landako Guneko ateak bost egunez egongo dira zabalik, 4etik 8ra. BaDA! lemapean egingo dan edizino hau aurkezteko batu dira Gerediaga alkarteko kideak eta erakunde publikoetako ordezkariak Landakon bertan. 

Leku sinbolikotzat aurkeztu dabe Landako Gunea. Igaz online azokearen biltegia izan zanak bizia berreskuratuko dau barriro aurtengo abenduan. Bueltauko dira erakusmahaiak, korridoreak, guneak, sortzaileak, argitaletxeak, diskoetxeak zein autoekoizleak; eta bueltauko dira, zelan ez, kulturzaleak, dinoe Gerediagakoek.

Azokarik bada?, galderea sarri entzun behar izan dabe hileotan, pandemiak eragindako ziurbakotasunaren erakusgarri. Horri emondako erantzunetik jaio da aurtengo leloa: Bada Azoka, egokitzen baldin bada. Bada Azoka, ideiak partekatu eta alkarregaz hobetzeko egiten baldin bada. Bada Azoka, bertan gozo lokartu barik, egokitzen, hobetzen eta barritzen baldin bada. Beraz, hala baldin bada… BaDA!.

Leire Urbeltz artista iruindarrak be aurkezpenean parte hartu dau. Izan be, bera arduratu da 56. Durangoko Azokako kartela egiteaz. Desipuindegia izenburua emon deutso. Urbeltzek Azokako lehenengo edizinoak izan ditu gogoan, sasoi haretako irudien revivalismoa eginez. 

Nerea Mujika Gerediagako buruak erakunde, babesle eta parte-hartzaileei eskerrak emon deutsez, hareen bultzadea beharrezkoa dalako Durangoko Azokea urtero-urtero kulturearen plazea izan daiten: Eskerrik asko Azokan sinisteagaitik.
 
Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, Begoña de Ibarra Kultura zuzendaria pozik agertu da, azokea formatu presentzialera bueltauko dalakoEusko Jaurlaritzako Andoni Iturbek be aurrez aurrekoaren garrantzia azpimarratu dau: Errekonozimendu osoa kultur kudeaketan lanean zabizanoi. Kultureak emoten deuskun esperientzia izugarria da, kultureak eta presentzialidadeak bat egin behar dabe. Azokea ez da soilik kultur azoka bat, erreferentziala da Euskadin.
 
Ima Garrastatxu Durangoko alkateak ondokoa nabarmendu dau: Ilusino handia egin deust abenduaren 3tik aurrera Landako Gunea liburuz, diskoz eta jentez beteta ikustea. Zailtasunak zailtasun, Azokea baDA!. Sortzaileen, publikoaren eta erakundeen arteko alkarlana eskatu dau Garrastatxuk, badirudi eguzki izpiak datozela. Horregaitik, danon indarra eta konpromisoa beharko dogu euskal kulturgintzeari bultzadea emoteko.
 
Nerea Mujikak aurreratu dauenez, 152 partaidek emon dabe izena Azokan parte hartzeko. Argitaletxeak, diskoetxeak eta danetariko kultur eragileak dira. 220 erakusmahai inguru ipiniko ditue Landakon, abenduaren 4tik 8ra. Online azokan, ostera, hil horren 3tik 7ra egin ahal izango dira erosketak.
 
 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu