XXIII. BADeko ikuskizunen erdiak estreinaldiak izango dira

Bizkaie! 2021-10-05 12:45   Kulturea

Bilboko arte eszenikoen jaialdia urriaren 14tik 24ra egingo dabe.

'El alimento de las moscas', BAD zabalduko dauen antzezlana (argazkia: Kabia Teatro) | Ikusi handiago | Argazki originala

Udagoieneko erreferente kultural nagusietako bat bihurtu da BAD, Bilbao Arte eta Dantza, arte eszeniko garaikideen jaialdia. Aurtengo edizinoa 23.a izango da, eta egitarauaren nondik norakoen barri emoteko agerraldia egin dabe Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko zinegotziak eta Alicia Otxandategi BADeko zuzendariak.

2021eko edizinoak bertoko talentua erakutsi eta babesteko apustu sendoa egingo dauela azpimarratu dabe aurkezpenean, izan be, 40 euskal artista inguru dagoz egitarauan, hamar konpainiatan banatuta. Horreetako batek, Nerea Martinezek, erakustaldia egin dau udaletxean bere taldeko kideakaz batera, XXIII. BADen aurkezpena girotzeko.

Euskal artistei kanpoko beste 40 bat artista batuko jakez, gehienak, 30, Espainiakoak. Danetara, Euskal Herritik kanpoko hamar konpainia etorriko dira Bilbora. Uria zuzeneko arteak maite dituen guztien gozamenerako proposamenez beteko dabela agindu dabe antolatzaileek. 

BAD urriaren 14an hasiko da, La Fundición aretoan, 19:30etan. Kabia Teatro eta Teatro de L’Enjolit-en El alimento de las moscas lana ikusi ahal izango da. Jaialdia zarratuko dauen saioa, ostera, Harrobia aretoan izango da, hilaren 24an. Cielo Raso konpainiak Piedra emongo dau. Jaialdiko beste agertokiak Campos Antzokia eta Bilborock izango dira. 

Egitarauan igarten dan beste jokera bat estreinaldiak ekarteko apustua da. Emongo diran ikuskizun guztien artean, erdiak inguru estreinaldiak dira, tartean erabateko sei. Beste zazpi estreinaldi EAEkoak dira eta bat gehiago Espainiako estreinaldia da. 

Erabateko sei estreinaldiak honeek izango dira:

- Abrazo, Nerea Martinezen konpainiarena. Urriaren 15ean emongo dabe, Harrobian (21:00). Euskerazko off ahotsa dauen jantza-ikuskizun honek emakume bikotea erakusten dau, gorputz bi, irudiz betetako soinu-paisaje batek babesten dituan eskultura bi, besarkada infinituetan batutako emozinoak gogorarazoten dituenak.

- Hacer tiempo, Lokke eta Olatz de Andres. Urriaren 17an, Kunsthalen. Olatz de Andres koreografoak sortua, Pilar Andres, Koldo Arostegi, Oihana Vesga eta Robert Jackson jantzariek aurkeztuko dabe ikerketa eta erakusketa koreografiko hau.

- Oturia, íntima peregrinario, Miguel Ángel Berna. Urriaren 20an, Campos Eliseos Antzokian. Aragoiko Pirinioetako Basa haranera eroango gaitu jantza esperimentaleko pieza honek.

- Fuego verde, Isaak Erdoiza eta Nazario Diaz. Urriaren 22an, La Fundición aretoan. Soinu esperimentazinoa eta publiko guztiarentzako jantza garaikidea oinarri, gauzen espazioa eta pertzepzinoa eraldatzea da asmoa.

- You Are Welcome!, V.A.L.A. kolektiboa. Urriaren 23an eta 24an, Bilborocken. Proposamen hau entzunezko instalazino interaktiboa da. Bilbo Zaharreko migratzaileek ondoetorria adierazoten dabe, hainbat modutan eta euren ama hizkuntzan.

- El ritmo que nos precede, Koldo Arostegui. Urriaren 23an, Campos Eliseos Antzokian. Arosteguik zuzendu dauen lehenengo lana da, eta beragaz batera oholtzan agertuko dira Eneko Gil eta Natalia Garcia jantzariak. 

Ikuskizunetarako sarrerak salgai dagoz dagoeneko, 10 euroko prezio orokorrean (saio batzuk doban dira). Aurretik hiru edo bost ikuskizunerako bonuak erosita dituenek be sarrerak hartu leikiez bonuen truke. 

Jantza eta antzerki garaikidearen jokera barrienak oholtzearen ganean erakusteaz gan, bestelako jarduera osogarriak be badakarz XXIII. BADek. Sektoreko profesionalentzako prestakuntza-saioak antolatuko ditue, baita tailer bi be.

Egitarau osoa hemen (PDF).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu