Alfredo Sanzolek eta Asun Noalesek hiruna Max Sari irabazi ditue
2021-10-05 08:47 KultureaBilboko Arriaga Antzokian egin dabe galea.
Euskal politika eta kulturgintzako ordezkari ezagunek hartu dabe parte Espainiako Arte Eszenikoen Max Sarien 24. edizinoko ekitaldian, Bilboko Arriaga Antzokian, eta Espainiako oholtzetan azken hileotan ikusi ahal izan diran ikuskizun onenetako sortzaileak eta artistak be pasau dira alfonbra gorritik. SGAE Fundazinoak eta Bilboko Udalak lankidetzan antolatu dabe aurtengo edizinoa.
Ekitaldian izan dira Juanjo Solana SGAE Fundazinoko presidentea, Rubén Gutierrez zuzendaria eta Oscar Castaño, Garbitxu, EAEko ordezkaria. Erakunde politikoei jagokenez, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadua, Bilboko Udaleko zinegotzi ugari eta Miquel Iceta Espainiako Kultura ministroa egon dira Arriagan.
Dana dala, kulturgileak izan dira protagonistak. Asier Etxeandia aktoreak aurkeztutako galan, bertoko sortzaile ugari agertu dira, antzokian zein telebistearen beste aldean batu diran ikus-entzuleen gozamenerako. Yogurinha Borovak, Jon Maiak, Miren Gaztañagak, Bernardo Atxagak, Adriana Bilbaok eta Lasala konpainiak euren azken proiektuen barri emon dabe. Calixto Bieitok zuzendu dau galea, Lucia Astigarraga, Alex Gerediaga eta Alberto Rodriguezen laguntzaz.
Sarituei jagokenez, antzerkigintzan Alfredo Sanzol nafarra nabarmendu da, berak zuzendutako El bar que se tragó a todos los españoles obreak hiru sari irabazi ditu eta. Espainiako Zentro Dramatikoaren produkzino horrek antzezlan onenaren, antzerki egiletzarik onenaren eta espazio eszeniko onenaren ataletan irabazi dau.
Beste euskal sortzaile batzuei be sariak emon deutsez 24. Max Sarietan. Esate baterako, Demode Produkzinoak etxearen Kutsidazu bidea, Ixabel-ek musikarik onenaren kategorian irabazi dau eta, kaleko ikuskizunik onenaren sailean, Deabru Beltzak izan da onena, Symfeuny lanari esker. Iratxe Ansa jantzaria emakumezko interprete onena izentau dabe, Al desnudo ikuskizunagaitik.
Jantzearen alorrekoa izan da, hain zuzen be, Bilboko galako beste saritu nagusia, Asun Noales. La mort i la donzella obreari esker, jantza ikuskizun onenaren, koreografia onenaren eta argiztapen onenaren sariak eroan ditu etxera.
Ohorezko Saria Gemma Cuervo aktore beteranoari emon deutse Max Sarien 24. Galan, sei hamarkadako ibilbide oparoaren autortza lez. Arriaga Antzokian egon da Cuervo, eta hunkituta hartu dau oroigarria, Cayentana Guillén Cuervo alabearen eskutik.
Saritu guztien zerrendea hemen (PDF).
Antzezlan eta jantza ikuskizun onenen sariak emoteaz Bernardo Atxaga arduratu da. Blas de Oteroren berbak aitatu ditu sarri Asteasuko idazleak. Bestetik, sariak hartzeko berbaldi gehienetan, kulturearen aldeko aldarriak izan dira nagusi, pandemiaren erruz gorriak ikusi dituan sektorea dalako. Sarituen berbak entzunda, kulturgintzara baikortasuna bueltau dala pentsau leiteke.
Galea amaitzeko, Bilboko Koral Alkarteko umeen taldeak Baga, biga, higa kantu ezagunaren interpretazinoa abestu dau, Asier Etxeandiagaz batera.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!