Eva Francok irabazi dau Argizaiola Saria 2021

Bizkaie! 2021-10-05 08:10   Kulturea

Argizaiola 2021 Sariaren erakusketea bart inaugurau dabe Bilbon.



Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen Bilboko egoitzako erakusketa-aretoak Argizaiola Sariaren 41. edizinoko hiru argazki sarituak erakutsiko ditu datorren urriaren 29ra arte, baita lehiaketa entzutetsu horretara aurkeztutako beste erretratu batzuen aukeraketea be. Lehiaketearen ezaugarri nagusia da lehiaketea atontzen dauen Euskadiko Erretratu Alkarteen Federazinoak konbidauta baino ezin dala bertan parte hartu.

Argizaiola 2021 Sariaren erakusketea bart inaugurau dabe Bilbon (Hurtado de Amezaga kalea, 6). Hogeta hamar erretratu inguru batu ditue eta bertan izan dira Ana Otadui Batzar Nagusietako Lehendakaria, Juan Armentia Erretratu Alkarteen Euskal Federazinoko presidentea eta aurtengo Argizaiola Sariaren irabazleak: Eva Franco, aurtengo Argizaiola saria, Maskarada sisters lanagaz eta Oskar Manso eta Imanol Zubiaurre akzesitak jaso dituenak.

Igaz pandemiagaitik izandako geldialdiaren ostean, Argizaiola Saria indarbarrituta bueltau da, kalidade handiko erretratuakaz euskal erretratugintzearen erakusgarri bihurtuta, esan dau Otaduik beste lehiakide batzuek lagunduta etorri diran hiru irabazleei sariak emoten hasi aurretik.

Bilboargazki Bilboko Nazinoarteko Erretatu Jaialdiaren barruan dagoan erakusketeak hainbat gairen ganeko erretratu multzo bat (29) batzen dau. Euskal Herriko Erretratu Alkarteen Federazinoak atontzen da lehiaketea eta Euskadin egiten diran dozena bat lehiaketatan aintzatespena lortu daben erretratugile ezagunek hartzen dabe parte Lux Splendida (Gasteiz), Kirol Erretratu Lehiaketea (Bergara), Gipuzkoa Nazinoarteko Saria (Donostia), Legazpi Uria (Legazpi), Indalecio Ojanguren (Eibar), Tolosa Uria (Tolosa), Zumaia Uria (Zumaia), Nikolas Lekuona (Ordizia), Igartza Saria (Beasain), Photoka Saria (Gernika), Ramon Serras (Zarautz) eta Irun Uria (Irun).

Argizaiola 2021 Sariotan, azkenean, sariketa horreetan parte hartu daben 41 egileren 174 lan batu dira. App Storen eta Google Playn Argizaiola 41 dobako aplikazinoa deskargauta ikusi daitekez Euskadin urte gehien daroazan lehiaketako argazki guztiak. Urriaren 29ra arte, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen egoitzan da hitzordua (Hurtado Amezaga kalea, 6. 48008 Bilbao), astelehenetik barikura, 08:00etatik 20:00etara. Sartzea doban da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu