'Non dago Mikel?', Zinexit jaialdiari ekiteko
2021-10-04 13:53 ZinemeaZinema eta Giza Eskubideen Erakustaldia Bilboko Golem aretoetan egingo dabe zemendian.
Oraindino hile eta erdi falta da XI. Zinexit jaialdia hasteko, baina bihar, urriak 5, proiekzino berezi bat egongo da, atariko lez. Hain zuzen be, Amaia Merino eta Miguel Ángel Llamasen Non dago Mikel? filma emongo dabe Bilboko Golem aretoetan (19:30), Azkuna Zentroan. Sartzea doban da, baina edukierea mugatuta egongo da.
Mikel Zabalzaren desagerpena jorratzen dau filmak. Guardia Zibilak atxilotuta egoan bitartean desagertu zan, 1985ean, eta luzaroan ez zan agertu haren gorpua. Orduko sentipenak gogoratu eta Zabalzaren kasua salatzea dira Merinoren eta Llamasen lanaren asmoak. Mikel Zabalzaren arreba Idoia izango da Bilboko saioan, eta proiekzinoaren osteko barriketaldian hartuko dau parte.
Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzeak antolatuta, zemendiaren 22tik 26ra egingo dabe XI. Zinexit, Zinema eta Giza Eskubideen Erakustaldia. Pandemiak behartutako igazko etenaren ostean, aurreko hamar edizinoetako helburuei eusten deutse aurtengo edizinoak: duintasunaren eta oinarrizko giza eskubideen errespetuan oinarritutako bizikidetzea bultzatzea, zinemea bitarteko dala.
Jentea mobilizetako eta gogoetea bultzatzeko tresna eraginkorra da zinemea, Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen ataleko zuzendari Monika Hernandok azaldu dauenez. Ganera, Zinexit ilusino barrituagaz egingo dabela adierazo dau, pandemiak behartutako etenaren ostean.
Jaialdiaren aurrerapenerako Non dago Mikel? aukeratzeko orduan, kontuan izan dabe film urratzailea dala. Mikel Zabalzaren familiak eta lagunek egia jakiteko daben eskubideari laguntzen deutso. 36 urteren ostean, inor ez dabe epaitu Zabalza hilteagaitik eta benetan zer jazo zan be ez dago guztiz garbi, Espainiako agintarien eta sistema judizialaren itxikeriagaitik, Zinexiteko arduradunek salatu dabenez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!