II. BBK Artearen Ibilbideak urtarrilera arte segiduko dau herririk herri

Bizkaie! 2021-10-04 12:41   Kulturea

Bizkaiko 14 udalerritan ikusi ahal izango dira Bilboko Arte Eder Museoko artelanen panelak.

Ondarroan aurkeztu eben erakusketa ibiltaria udan; orain herri gehiagotara helduko da. | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain arte udako hileetan eta kostaldeko herrietan egin dabe BBK Artearen Ibilbidea, baina udagoien eta negura zabaldu dabela iragarri dau Bilboko Arte Eder Museoak. Hortaz, museoko obra batzuen kalidade handiko erreprodukzinoak ikusi ahal izango ditue beste 14 udalerritako biztanleek, urriaren 4tik 2022ko urtarrilaren 11ra martxan ibiliko dan erakusketa ibiltariari esker. 

Udan Bizkaiko kostaldean ikusi ahal izan dan II. BBK Artearen Ibilbidearen luzapena izango da honako hau. ABC, Bilboko Museoaren alfabetoa erakusketan oinarritutako edukiak dira, Kirmen Uribe idazleak aukeratuak, baina Artearen Ibilbidean eduki osogarriak be topauko ditu publikoak.

Museoko obra esanguratsuen kalidade handiko erreprodukzinoen panelez gan, artelan bakotxaren azalpen zehatzak eta iruzkin interesgarriak ipiniko ditue erakusketan, eta horreen audioak doban deskargau ahal izateko QR kodea be eskura izango dabe ikusleek. Danetara, 36 obraren erreprodukzinoak dira, artearen historia ezagutzeko ibilbide berezia osotzen dabenak.

Artearen Ibilbidearen ekinaldi barri honen lehenengo geldialdia Bilbo da, Plaza Barrian dagoz panelak egunotan. Ondoren, Basaurira (urriaren 11tik), Orozkora (18tik) eta Durangora (25etik) helduko da. Leku bakotxean astebete egongo da.

Zemenditik aurrera be geratu barik ibiliko da erakusketea herririk herri. Hona beste hitzorduak: Artea (zemendiaren 2tik), Mallabia (9tik), Markina (16tik), Gernika (23tik), Mungia (30etik), Derio (abenduaren 7tik), Barakaldo (14tik), Sopuerta (21etik), Balmaseda (28tik) eta Gueñes (urtarrilaren 4tik). 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu