Jagoletzearen antolaketa soziala, konpartidutako erantzukizuna

Bizkaie! 2021-10-01 08:10   Pil-pilean

Egungo eredua aldatu eta jagoletzea balorau behar da.

Eusko Ikaskuntzak, Bilboko Udalaren eta Emakunderen babespean, atonduta, Jagoletzearen antolaketa soziala gaiaren inguruan, zainketearen edo jagoletzearen errealidadea aztertzeko eta emakumeen eta gizonen arteko bardintasunean eta belaunaldien arteko itunean oinarritutako eredu barri bat zehazteko batu dira adituak eta profesionalak.

Egunari hasierea emon deutse Eusko Ikaskuntzaren izenean Iñaki Zabaletak eta Emakundeko Izaskun Landaidak. Ondoren, inaugurazino-berbaldia Madrilgo Unibersidade Autonomoko Cristina García Sainzek eskaini dau.

Jagoletzearen balorazino sozial eskasaren arloan dagozan faktoreak zein diran adierazo dau eta egoera hori arintzeko, jagoletzea bardintasunez banatu behar da generoaren arabera eta gizarte-eragileen artean (Estadua, merkatua eta familiak) eta eskubide eta baldintza duinak izan behar ditu bere lanaren modalitate guztietan. García Sainz irakasleak uste dau administrazino publikoen konpromisoa oinarrizkoa dala.

Nafarroako Unibersidade Publikoko Lucía Martínez Virtok Euskal Herriko lurraldeetako jagoletzeari buruz berba egin dau. Bere ponentzia hiru zatitan egituratu da: lehenengoan gure eredua ulertzeko gakoak landu ditu; ondoren, Euskal Herriko lurraldeei buruzko datu garrantzitsu batzuk emon ditu; azkenik, jagoletzearen kudeaketan eta horniduran aurrera egiteko arlo batzuk marraztu ditu.

Hirugarren berbaldia Euskal Herriko Unibersidadeko Marina Sagastizabalek emon dau eta emakumeen denpora-pobrezia nabarmendu dau; eta horrek esan gura dau ez dabela denporarik zenbait eskubide gauzatzeko, berbarako, politikoak. Ebidentzia horretatik abiatuta, sexuaren araberako lanaren jagoletzea eta banaketa soziala atontzeko egungo eredua deskribidu dau.

Azkenik, Pilar Kaltzada kazetariak moderautako mahai-inguruan, María Teodocia Juancay Morocho (Cuidado SINA), Agurtzane Solabarrieta (Usurbilgo Udala) eta Asier Bagliettok (Arremanitz Kooperatibea) esperientzia eta eretxiak azaldu ditue: María Teodocia Juancay Morochok emakume migratzaileen begiradea

eskaini dau menpetasun-egoeran dagozan personen jagoletzan, enplegu-baldintza desbardinetatik eta planteetan diran erronkei buruz berba eginez.

Agurtzane Solabarrietak hiru galderaren inguruan Usurbilen martxan jarritako parte-hartze prozesuaren barri emon dau: zelako jagoletzea?, zelan jagon nahi dogu? eta ze baliabide izango ditugu erakunde, partikular eta komunidadearenak?

Bestalde, Asier Bagliettok arretea jarri dau gizonek iraganeko jagoletzan, orainaldian eta etorkizunerako balizko ekimenetan daben inplikazinoan.

Gainera, Sinposioan Eusko Ikaskuntzearen bardintasunaren aldeko konpromisoa adierazpena ezagutarazo da; horren bidez, ehun urtetik gora dituan erakunde honek bardintasunaren aldeko apustua berresten dau bere idearioan txertatutako oinarrizko lau printzipioetatik abiatuta: feminismoaren paradigmea apliketea, genero-ikuspegia sartzea, intersekzionalidadea kontuan hartzea eta emakumeen ahalduntzea sustatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu