Nami Kanekok irabazi dau Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria

Bizkaie! 2021-09-30 13:40   Kulturea

Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea japonierara itzuli dau.

Irene Larraza, Inaxio Garro, Bernardo Atxaga eta Bingen Zupiria, Bilbon (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerazko lan literarioak beste hizkuntza batzuetara eroan dituen itzultzaileen lana saritzen dauen Etxepare-Laboral Kutxa Sariaren zazpigarren edizinoko irabazlea Nami Kaneko izan da, Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea nobelea japonierara itzultzeagaitik. Shinchosha argitaletxea be kontuan hartzen dau sariak.

Bilbon antolatutako ekitaldian emon dabe irabazlearen izena Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak eta Laboral Kutxako euskera arduradun Inaxio Garrok. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Bernardo Atxaga idazlea be han izan dira. Nami Kanekok ezin izan dau Euskal Herrira etorri, baina modu telematikoan egin dau bat ekitaldiagaz.

Kanekoren itzulpena kalidade handikoa dala adierazo dau epaimahaiak, itzultzaileak euskerazko lana japonieraz emoteko egindako hautuak azpimarratzeaz gan. Kanekoren ibilbidea be aintzat hartu dabe, euskeratik zuzenean itzultzeaz gan bere ikerketa lana be arlo horretan egiten dabilelako. 2016an be, Etxepare-Laboral Kutxa Saria irabazi eban Kanekok, Kirmen Uriberen Mussche itzultzeagaitik. 

Shinchusha argitaletxeari jagokonez, literaturan espezializatutakoa izatea nabarmendu dau epaimahaiak. Kanekoren lanaren tirada handia egin dau, 4.000 alekoa, Japoniako literatura itzuliaren merkatuan ohikoa dan kopuruaren bikotxa. Kontrazalean, Akira Higashiyama idazle ezagunaren gomendioa agertzen da, Ibon Egaña euskal kritikariaren berbakaz batera.

Itzultzaileak eta argitaletxeak 4.000 euroko saria izango dabe alkarren artean banatzeko. Era berean, beste 2.000 euroko laguntzinoa emongo deutse liburua sustatzeko.

Nami Kaneko (Akita, Japonia, 1984) itzultzailea, literaturan doktorea era gaztelania irakaslea da, besteak beste. Bernardo Atxagaren sorkuntzea eta autoitzulpengintzea ikertzen ditu. Doktorego ikasketak Tokyo University of Foreign Studies-en egin zituan 2011etik 2019ra, eta EHUn Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak landu zituan 2013tik 2020ra.

Shinchosha argitaletxea, ostera, 1896an sortu eben, Tokion. Japoniako autorerik ezagunenen liburuak plazaratu izan ditu 125 urteko ibilbide oparoan, literaturan herrialdeko erreferente bihurtzeraino. Atzerriko idazleen lanak, adibidez Atxagarena, Crest Books bilduman batzen ditu. Soinujolearen semea japonieraz 2020an argitaratu zan.

2015ean emon eben lehenengoz Etxepare-Laboral-Kutxa Itzulpen Saria. Isaac Xubin eta Kalandraka argitaletxea izan ziran lehenengo sarituak, Joseba Sarrionandiaren poemen antologia bat galegoz argitaratzeagaitik. 

Hurrengo urteetako itzultzaile sarituak Nami Kaneko bera (2016), Yaroslav Gubarev eta Anetta Antonenko (2017), Amaia Gabantxo (2018), Ainara Munt (2019) eta Eider Rodriguez eta Lander Garro (2020) izan ziran. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu