Hezitzaileak bere komunidadean sartu ditu Guggenheim Museoak
2021-09-30 12:30 KultureaErakusketa eta jarduera didaktikoetan interesa daben irakasle zein hezitzaileek egin leikie bat.
2017an sortu eban Bilboko Guggenheim Museoak Community izeneko ekimena, artearen eta kulturearen inguruan batzen dan komunidade zabalaren ardatz. Orain, moltso barri bat gehituko deutso komunidade horri, hezitzaileena hain zuzen.
Hezitzaileen Community dalako ekimen horregaz bat egin leikie hezkuntzearen munduko profesionalek, hau da, irakasleek eta bestelako hezitzaileek, baldin eta Guggenheimeko erakusketa, jarduera eta sorkuntza-prozesuak interesgarriak badira euren lanerako.
Egun jakin batzuetan doban sartu ahal izango dira komunidadeko hezitzaileak museora, eta arlo didaktikoan Guggenheimek antolatzen dituan jardueretan parte hartu ahal izango dabe; besteak beste, eskola-bisitetan, erakustaldi praktikoetan eta bisita birtualetan.
Era berean, komunidadeko kideentzako ekintzak antolatuko ditu museoak: orientazino-saioak, online erakustaldiak, arte-mintegiak eta hezkuntza-jarduerei buruzko informazino espezifikoa. Zozketetan parte hartzeko eta jardueretan lehentasunez sartzeko aukerea izango dabe.
Hezitzaileei atea zabalduta, Guggenheim Museoak Community ekimena indartu eta bere helburu nagusietako bat bete nahi dau: hezkuntzearen eta irakaskuntzearen lanbideak dauen garrantziaz eta konplexutasunaz kontzientziazino handiagoa sustatzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!