Kulturea indartzeko 30.500 bonu plazaratu ditue Bilbon

Bizkaie! 2021-09-30 09:17   Kulturea

20 eta 40 eurokoak izango dira eta erdia Udalak pagauko dau.

Udaleko arduradunak eta merkatarien ordezkariak, kanpainea aurkezteko agerraldian (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kulturearen alorreko bonuen kanpainea aurkeztu dabe Bilboko Udalak eta Bilbao Ekintzak, udaletxean egindako ekitaldian. Urriaren 1etik, 30.529 bonu ipiniko ditue salgai Bono Bilbao webgunean eta Kutxabanken orotariko kutxazainetan, era guztietako kultur produktuetan gastetako, izan materialak zein ikuskizunak.

Kanpainearen helburua da kulturearen sektorean herritarrek egiten daben zuzeneko konsumoa handitzea, batez be udagoienean eta neguan, eta Gabonetako sasoia be gogoan. Era horretara, kulturearen eta sormenaren atalak suspertu eta enplegua areagotu nahi dau Udalak. 

Prezio bi izango ditue bonuek, 20 eta 40 euro. Erdia Udalak pagauko dau eta beste erdia konsumitzaileak. Era horretara, produktu kulturalak ohiko prezioaren erdian eskuratu ahal izango ditu jenteak, bonuak erabili ezkero. Udalak 400.000 euroko inbersinoa egingo dau, eta kultura eta sormen industrietan miloe bat euro inguruko eragina sortzea da aurreikuspena. 

2022ko zezeilaren 15era arte erosi ahal izango dira bonuak, lehenago agortzen ez badira. Urte horretako martiaren 15era arte erabili ahal izango dira. Persona bakotxak hamar bonu erosi ahal izango ditu gehienez. 

Kanpaineagaz bat egiteko asmoa daben establezimenduek eta kulturgileek izena emon leikie Bono Bilbao webgunean. Era askotako produktu eta zerbitzuek egin leikie bat: aire zabaleko zein barruko ikuskizunek; liburu eta argitalpenen txikizkako saltzaileek; zinema-aretoek; arte-galeria, museo eta liburutegiek; artista eta artisauek; eta bestelako salgai batzuetako txikizkako merkatariek (musika-tresnak, zigiluak, txanponak, mineralak, antxinako objektuak...).

Bilboko Kultura zinegotzi Gonzalo Olabarriaren esanetan, programa erakargarri hau onuragarria izango da herritarrentzat, negozio horreetan lan egiten daben personentzat eta gizarte osoarentzat; izan be, uriko kultura eta sormen industrian konsumidutera eta sustatzera animauko doguz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu