Proiekzinoak, berbaldiak eta atzera begirakoak, 26. Zinemakumeak Gara! zikloan
2021-09-29 12:42 ZinemeaBilboko bost gunetan izango dira jarduerak, urriaren 18tik 29ra.
Emakumeek egindako film labur eta luzeak ardatz izango diran arren, bestelako jarduerak be hartuko ditu Bilboko Zinemakumeak Gara! zikloaren 26. edizinoak, esate baterako, adituen berbaldiak, mahai inguruak eta topaketak. Emakumeek egindako zinemagintzea gizarteratzea eta emakumeen begiradea aldarrikatzea dira helburuak, azken urte eta erdian behin eta barriro aitatu diran kontzeptu biren inguruan: askatasunaren idea eta urratzearen esangurea.
Bilbon egin dabe zikloaren aurkezpena, bertako Udala dalako antolatzailea. Beste erakunde eta eragile batzuek be babesten dabe Zinemakumeak Gara!, adibidez, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzeak, BBK-k eta Emakundek.
Aurtengo edizinoa urriaren 18tik 29ra egingo dabe, Bilboko bost gunetan: BBK Aretoan, BilbaoArten, Azkuna Zentroko auditorioan, Golem Alhondiga aretoan eta Campos Eliseos Antzokian. Inaugurazino-ekitaldian, Julia Juaniz zinema-muntatzaile nafarrari Simone de Beauvoir saria emongo deutse bere ibilbide oparoagaitik. Ondoren, Marian Gerrikabeitia zinemagileagaz berba egingo dau Juanizek.
BBK Aretoan egingo dan ekitaldi horretan, Laura Sam poetearen Arde la palabra ikuskizunaz gozau ahal izango dau publikoak, eta Gabriela Vidal eta Inés María Barrionuevo zuzendari argentinarren Las motitos filma estreinauko dabe.
Urriaren 19tik 21era BilbaoArtek Larisa Xepitkoren atzera begirako saioa egingo dau, Neguko eguzkia izenburupean. Alas, La ascensión eta Larisa filmak ikusteaz gan, zuzendari ukrainarraren lanari buruzko ponentzia entzun ahal izango da, Neus Sabaté ikertzailearen eskutik.
Urriaren 25ean, 26. edizio honetako beste Simone de Beauvoir Saria jasoko dauen Lola Salvador Maldonado idazle eta gidoilaria ezagutuko dogu. Naiel Ibarrola piano joleak girotutako sari-banaketearen ondoren, alkarrizketea egingo deutso Lola Salvador Maldonadori Almudena Cacho kazetariak eta Pilar Miróren El crimen de Cuenca proiektauko da.
Suzanne Lindon eta Ainhoa Rodriguezen lehenengo film luzeak be ikusi ahal izango dira Bilbon, hurranez hurran Spring Blossom (urriaren 26an) eta Destello Bravío (27an). Urriaren 28an, Camposen saio bi egingo dira: Rosa María Rodríguez Magda idazle eta filosofoaren berbaldia eta Ayten Amin zuzendari egiptoarraren Souad filmaren estreinaldia Espainian.
Zinemakumeak gara! zikloa urriaren 29an amaituko da, Clara Roquet kataluniarraren Libertad-en proiekzinoagaz, baina, horren ostean, Bizkaiko beste herri batzuetara zabalduko dira zikloaren aldarrikapenak. Basauri, Zalla, Portugalete, Erandio eta Mungia izango dira egoitzak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!