Hegaztien Munduko Eguna, Urdaibain eta Boluen

Bizkaie! 2021-09-29 08:37   Pil-pilean

Urriaren 2an egingo dabe.

Egunero geure inguruan ikusten doguzan hegaztiek aberastasun handia gordeten dabe, naturearen altxorra dira, baina babesa be behar dabe. Hori dala eta, urtero, urriaren 2an Hegaztien Munduko Eguna egiten da. Zapatuan izango da aurtengoa, eta Urdaibaiko Biosferearen Erreserban zein Getxoko Bolueko paduran gogoan jarduerak antolatuko ditue. 

Euskal Herrian hegaztien behaketarako eta ikerketarako erreferentziazko zentro nagusia da Urdaibai Bird Center. Eguraldiak laguntzen badau, eraztunketa saioa egingo dabe zapatu goizean, txanda bitan: 10:30ean eta 11:30ean. Parte hartzen dabenei, hegaztiak eraztuntzearen oinarrizko jakintzak emongo deutsez saioaren aurretik. Ondoren, erakustaldi praktikoa egongo da.

Plaza mugatuak dagoz, txanda bakotxean 15 lagun gehienez. Hori dala eta, aurretik izena emon behar da, 946 251 157 edo 699 839 202 zenbakietara deituta. 

Getxon be, Bolueko hezegunean, hegaztien eraztunketea izango da Hegaztien Munduko Egunaren oinarria. Hezeguneko Etenbako Esfortzuko Guneak jenteari ateak zabalduko deutsaz zapatuan, Getxoko Udalaren Ingurumen Arloak antolatutako jardueretarako, Bolueko faunea, ardurak eta jarduerak ezagutarazoteko helburuz.

Hegaztiei eraztunak ipinteko ekintza zientifikoa zelan egiten dan erakutsiko dabe hezeguneko ponpa-etxolan, 09:00etatik 12:30era, eguraldiak laguntzen badau; euria edo haize gogorra bada, bertan behera itxiko dabe, arriskutsua dalako hegaztientzat. Jenteari eraztunketearen teknikea azalduko deutse, ze eskakizun bete behar diran eta ze garrantzi dauen hegaztiak ezagutzeko, maila globalean zein lokalean.

Hegaztien aleak hurretik ikusi ahal izango ditue bisitariek, espezie bakotxaren biologiari, ezaugarriei eta Bolueko hezegunean daben presentziari buruzko azalpen eta guzti. Begoña Valcarcel eta Sergio de Juan adituek aurkeztuko dabe ekitaldia, Bolueko estazinoko eraztungile taldeagaz batera.

Getxoko jarduerea dobakoa da eta ez da izenik emon behar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu