Irunen Kumano Kodoko Iseji erromes bideari buruzko 50 erretratu egongo dira ikusgai

Bizkaie! 2021-09-29 08:19   Kulturea

Helburua da erromes ibilbideei buruzko alkarlana eta lankidetzea sustatzea.



Eusko Jaurlaritzea
k Kumano Kodo: Iseji bidea izeneko erakusketea inaugurau dau Japoniako erromes bidearen inguruan. Irungo Oiasso Museoan egin dan ekitaldian Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaile Bingen Zupiriak, Irungo alkate Jose Antonio Santanok eta Oiasso museoko zuzendari Juanjo Jiménezek parte hartu dabe.

2019ko zemendiaren 7an MIE Prefekturako Gobernuko Hegoaldeko Garapenerako Bulegoak eta Eusko Jaurlaritzeak Munduko Ondareko erromes-bideen trukeari eta lankidetzeari buruzko memorandum bat sinatu eben. Alkar ulertzeko memorandum honen helburua da erromes ibilbideei buruzko alkarlana eta lankidetzea sustatzea, hainbat ekimen kulturalen bitartez informazinoa eta trukea zabalduz. Berbatutako ekimenetako bat izan zan erromes-bideen erretratu erakusketak atontzea, hau da, Euskadin Kumano Kodoko Iseji bideari buruzko erakusketea eta MIE Prefekturan Euskadiko Santiagoko bideei buruzkoa.

Euskadiko Santiagoko bideei buruzko erretratu-erakusketea MIE prefekturako Kumano Kodo Center-en egin zan. 2020ko martirako aurreikusita baegoan be, pandemiaren erruz, 2020ko abenduaren 5 eta 2021eko urtarrilaren 31ra egin zan. Ordutik, beste hainbat zentrotan be egon da ikusgai, besteak beste, Wakayama prefekturako Kumano Hongu Heritage Center eta Shima Spain Village-eko Xavier Gaztelu-Museoan. Bertan Santiagoko bidean dauden ondare-elementuen 50 argazki eta erromes bideari buruzko hainbat azalpen eta bestelako elementu esanguratsuak erakutsi ziran.

Orain Kultura eta Hizkuntza Politika sailak Japoniako Kumano Kodoko Iseji bideari buruzko erakusketa bat atondu dau, bideari buruzko 50 erretratu eta azalpenak jasota.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriarentzat erromes bide biek ondare material eta immaterial aberatsekoak dira eta erakusketok herrien eta munduko errealidade ezbardinen arteko kultura-ezagutza eta trukerako aukera be badira. Eta erakusketa honi esker lortuko dugu Japoniako kulturea ondarera, tradizinora eta paisajeetara hurreratzea.

Irungo alkatearen eretxiz, Done Jakue Bideak tradizino handia dau gure herrian eta Irungo kultur erakargarritasun historikoaren parte da. Europako erromesen bertotik sartzen dira eta, alde horretatik, pozgarria da Euskadin barrena egingo dan eta mendeetako historia daben kulturen topaketea irudikatzen dauen erakusketa hain berezi honen lehen geralekua izatea.

Kumano Kodo bidea

Kumano Kodo edo Kumano bidea, Kii mendietan dagozan Kumanoko hiru santutegi handiak lotzen dituan erromesbide sare zabal bat da. Kumanoko Hongu-taisha, Hayatama-taisha eta Nachi-taisha santutegiek osotzen dabe Kumano Sanzan lez ezagutzen dan toki sagratua.

Erromesbide horreetako bat Iseji Ibilbidea da, Mie prefekturako Ise-jingu Santutegia, japoniarrentzat oso berezia dan leku, Kumano Sanzanegaz (Wakayama Prefekturan) lotzen dauen bidezidorra.

2004an UNESCOK Gizateariaren Ondare izentau zituan Kumano Sanzan, bere erromes-bideak eta gizateriak eta natureak sortutako paisaje kulturala, Koyasan (Wakayamako Prefekturan) eta Yoshino eta Omine (Narako Prefekturan) leku sagraduakaz batera. Donejakue bideagaz batera, izendapen hori dauen erromesbide bakarra da, eta, horregatik, 1998tik, bide biak senidetuta dagoz.

Iseji ibilbideko berrogeita hamar erretratu honeek Kumano Kodoren ikuspegi kulturala, naturea, historia eta ondarea jasoten ditue: zolatutako bidezidorrak, harrizko monumentuak, Budaren irudiak eta itsaso eta mendien paisaje eszenikoak. Terrazetako arrozondoak eta te sailak, bestalde, personen lanaren eta naturearen arteko aliantzearen ondorioz sortzen dan edertasunaren erakusgarri dira. Belaunaldiz belaunaldi egindako jaialdi tradizionalak be badagoz.

Erakusketea urriaren 17ra arte egongo da ikusgai Irungo Oiasso Museoan eta ondoren Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan eta Arabako Arkeologia Museoan be ikusgai egongo da.

Berbaldia

Oiasso Museoak erakusketearen inguruko berbaldi bat be hartuko du: Irailaren 30ean, Basagaitz Guereño Omil, Deustuko Unibersidadeko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultadean irakasle arduradunak Espazio sagratua ondare-leku bihurtzen danean: erromesaldia, gurtza eta turismoa Iberiar peninsulan berbaldia eskainiko dau. Berak, lehenik eta behin, erlijino-ondarearen ikuspegi historikoa aurkeztuko dau, erromesaldi erlijiosoen gorakadea ardatz hartuta, bai eta erromesaldi horreek leku erlijiosoak eregitek prozesuan eta bilakaeran izan eben eragina be. Bigarrenik, Donejakue Bidearen kasua aztertuko da eta hori eregiten daben lekurik esanguratsuenak bilakaera horren adibide lez aurkeztuko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu