Ostalaritzeari laguntzeko 124.000 bonu plazaratuko ditu Bilboko Udalak

Bizkaie! 2021-09-28 11:12   Pil-pilean

Irailaren 29an ipiniko ditue salgai.

Ostalaritzako bonuak aurkezteko ekitaldia (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ostalaritzeari laguntzeko lehenengo kanpaineak izan eban arrakastea kontuan izanda, bigarrenez bonuak aterako ditu Bilboko Udalak, pandemiak gogor kaltetutako sektore horri bultzadea emoteko asmoz. Oraingo honetan, 124.000 bonu egongo dira herritarren eskura, danetara miloe bat euroko baliodunak.

Bihar, irailak 29, hasiko dira bonuak saltzen, 16:00etan, hemen.

Uriko taberna, jatetxe eta antzeko establezimenduetan erabili ahal izango dira bonuak. 10 eta 20 eurokoak egongo dira aukeran, eta zenbatekoaren erdia Udalak pagauko dau. Hau da, 10 euroko bonu bat eskuratzeko 5 euro baino ez ditu pagau beharko erosleak; 20ko bonuak, ostera, 10 euroan eskuratu ahal izango dira.

Modu horretara, deskontu handiak izango tue erabiltzaileek ostalaritzan. Bilboko taberna eta jatetxeetara bezero gehiago joango diralakoan ipini dau Udalak kanpaina hau martxan, sektorean 3,4 miloe euro inguruko negozioa eragiteko asmoz. 

Herritar bakotxak bost bonu erosi ahal izango ditu, eta bonu bakotxa eskuratzeko momentuan adierazo beharko dau zein establezimendutan erabiliko dauen. Sistemeak barrutika banatuko ditu bonuak, Bilboko auzo guztietan eragin positiboa izan deien. Era berean, 65 urtetik gorakoentzat beren-beregi gordeko dira bonu batzuk. 

Kanpaineagaz bat egiteko epea pasa dan astean amaitu zan eta 583 establezimenduk hartuko dabe parte. Jatetxeak, kafetegiak, tabernak (jatekoa emoten dabenak zein ez), txokolategiak, izozki-dendak, hortxata-dendak, jantzalekuak eta diskotekak dira.

Bilboko bonuen kanpaina barria aurkezteko ekitaldian izan dira Xabier Ochandiano zinegotzia, Bilbao Ekintzako zuzendari nagusi Javier Garcinuño eta Bizkaiko Ostalaritza Alkarteko Gerente Héctor Sánchez. Esperientzia arrakastatsua izan danez, beste edizino bat antolatu dogu, negozio horreetatik bizi diran familiei laguntzeko, gure uriaren parte oso garrantzitsua diralako, adierazo dau Ochandianok.

Laster, turismoaren zein kulturearen sektoreei laguntzeko bonuak be plazaratuko dituela aurreratu dau Ochandiano zinegotziak, uriko ekonomia fronte guztietatik aktibetako

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu