Mungiako Lauaxeta Olerki Lehiaketearen deialdia zabalik

Bizkaie! 2021-09-28 09:48   Kulturea

Zemendiaren 15era arte bialdu leitekez lanak.

Estepan Urkiaga Basaraz, Lauaxeta, euskal idazlearen omenez urtero antolatzen dau Mungiako Udalak euskerazko olerkien sariketea, sorkuntza poetikoa bultzatu eta 1937an fusilauta hildako idazlearen memoria zabaltzeko. 2021eko Lauaxeta Olerki Lehiaketearen deialdia zabalik dagoala iragarri dau Udalak.

Etxeko alabea esaldiak baldintzatuko ditu sariketara aurkezten diran idazlan guztiak. Oinarriek dinoenez, izenburu hori derrigorrez izan beharko dabe olerki parte-hartzaileek, eta horren interpretazino librea egin beharko da testuan. Gitxienez 100 bertso-lerro eta gehienez 200 izan beharko ditue poemek. Neurri eta errima aldetik ez dago zehaztapenik.

Zemendiaren 15era arte aurkeztu ahal izango ditue euren olerkiak interesa daben idazle eta zaleek, kopia digitala eta papelezkoa Mungiako Udalean entregauta. Nahi daben guztiek hartu leikie parte, baina poemak sekula argitaratu edo saritu bakoak eta jatorriz euskeraz idatzitakoak izan behar dira. 

Udalak izentauko dau epaimahaia, eta sari bi emongo dira: irabazleari 800 euro jagokoz, eta bigarrenari, 500. Lan irabazleak argitaratzeko eskubidea emongo deutse parte-hartzaileek Mungiako Udalari. 

Irakurri oinarriak hemen (PDF).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu