Ana Irene del Valle da Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko dekano barria

Bizkaie! 2021-09-28 07:45   Pil-pilean

Simón Peñak itxitako diziplina anitzeko zentroaren zuzendari kargua hartu dau.

Ana Irene del Valle irakaslea Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko dekano barria aukeratu dabe eta Simón Peñaren ordez ibiliko da lanean kargu horretan. UPV/EHUn sartu zanetik, Politika eta Soziologia Zientzietako lizentziadun eta Soziologiako doktore honek irakaskuntza eta ikerkuntza lanak egin ditu zuzendaritza taldeetako karguetan jarduteaz batera, bai Gizarte Langintzako Unibersidade Eskolan (1998-2000), bai Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultateko dekanotza taldean (2017-2021).

Haren ibilbide akademikoan, dekano barriak graduko eta graduondoko irakaskuntza eta Hezkuntzearen eta Familiaren Soziologiaren arloko ikerketea buztartu eta arreta berezia jarri dau kultura aldaketearen ikuspegitik egindako transmisino prozesuetan eta familia aldaketan eta indibidualizazinoko prozesuetan.
2010etik UPV/EHUko CREDEIN-Civersity ikertaldeko kidea da eta hor parte hartu dau estaduko eta nazinoarteko I+Gko kontratu eta proiektuetan gizarte kohesinoaren, hezkuntzako balioen eta jardunbide egokien transmisinoaren eta jagoletza eta enpleguko genero desbardintasuneko faktoreen gainean. Era berean, soziologiaren, hezkuntzaren eta genero desbardintasunen arloko jardunaldi eta biltzar ugari atontzen be ibili da.

Fakultadeko zuzendaritzea hartu dauen dekanotza taldean Simón Peñaren taldeko kide batzuk dagoz, baita zuzendaritza karguetan barriak izan baina ikastegian oso ezagunak diran kide batzuk be:

 Idazkari akademikoa: Esteban Arlucea Ruiz.
 Irakaskuntzearen Antolakuntzako dekanordea: Alazne Ayestaran Yarza.
 Komunikazino eta Gizarte Proiekzioko dekanordea: Terese Mendiguren Galdospin.
 Azpiegituretako dekanordea: Andoni Iturbe Tolosa.
 Praktiketako eta Lan Orientazioko dekanordea: Patxi Doblas Pozo.
 Plangintza Estrategikoko eta Kalidadeko dekanordea: Miguel Ángel Casado del Río.
 Mobikortasuneko eta Nazinoarteko Hartu-emonetako dekanordeak: Alberto de la Peña.

Garai barrien araberako erronkak

Orain arte egindako ahalegina eta lana aprobetxau eta etorkizunera proiektatuko ditu erronka eta aukera barriak gogoan izanik, betibe alkarlaneko gobernantza ereduan oinarritutako kudeaketa eginik. Era berean, adierazo dau ahaleginak egingo dituala gure ikastegiaren proiekzino akademikoa eta soziala indartzeko.

Talde barriak konfidantzea dau ikasleei gradu eta graduondoko prestakuntza sendoa, erakargarria, lehiakorra eta kalidadezkoa eskaini ahalko deutsela, gizarteak dituan erronka, eraldaketa eta preminak kontuan hartuta. Horretarako, beste lan arlo batzuen artean, honako honeen alde egingo dau: gradu bikotxen eta gradu aldatuen ezarpena finkatzea, prestakuntza dualeko eta nazinoartekotzeko ibilbideak zabaldu eta indartzea. Eta apustu bera dau graduondokoakaz be: kudeaketea, nazinoartekotzea, enplegagarritasuna eta curriculumetik kanpoko praktiken eskaintza zabalari eustea.

Bestalde, Ana Irene del Valleren taldeak ikastegiko ikertzaileen lana erraztea eta laguntzea izango dau helburu.

Hareek jakinarazo dabenez, euskereak zuzendaritza barriaren beste arlo nagusietako bat izaten jarraituko dau, bai prestakuntzan, bai ikerketan, hizkuntzearen erabilerea eta dinamismoa gure komunidade akademikoan indartuz.

Bestalde, dekanotza taldeak hausnarketa sozial sakon batean oinarritzen dau bere proiektua: Jakitun gara gizartean, ekonomian, politikan eta hezkuntzan momentu berezi batean garela, haustura eta transformazinoa bizi doguz egoera demografikoan, egitura produktiboetan, ezagutza sisteman, zerbitzu publikoetan eta komunikazinoan. Krisi pandemikoak bete-betean jo dau gure bizimodua, maila guztietan eta bistan geratu da aparteko garrantzia daben haren kudeaketan zientziak, informazinoak, komunikazinoak, gizarte kapitalak eta politika publikoek. Hamarkada hasiera honetan, beharrezkoa dogu jakitea norantz eta zelan egin geinken aurrera gizarte jasangarriago eta igualitarioago baterantz. Irakaskuntza eta ikerketeagaz lotutako komunidadea garen aldetik, etenbarik hausnartu eta barrikusi behar dogu gizarte zientzien eta komunikazinoaren arloan prestakuntzan eta ezagutzearen sorkuntzan dogun eginkizuna.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu