Erakusketak, berbaldiak eta tailerrak, XV. Bilboargazkin
2021-09-28 08:32 KultureaAitor Arana, Irene Cruz, Juan Tapia, Zuo Zhulin, Anna Devis eta beste asko dagoz egitarauan.
Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Alkarteak eta Bilboko Udalak bultzatuta, urriaren 1etik 31ra egingo dabe XV. Bilboargazki, argazkigintzearen eta sorkuntza bisualaren jaialdia. Aurtengo egitarauak bederatzi erakusketa, bost tailer eta bost berbaldi dakarz, eta bertoko zein kanpoko egileen barri izango dau publikoak.
Erakusketetan parte hartuko daben argazkilari guztiak Bilbon izango dira euren obrearen barri emoten, Zhuo Zhulin txinatarra izan ezik. Besteak esteak beste, Aitor Arana, Irene Cruz, Juan Tapia, David Santiago, Anna Devis, Daniel Rueda, Francisco Ubilla eta Yaiza Pérezen lanaz gozau ahal izango dogu aurtengo edizinoan.
Argazkigintzeak eskaintzen dituan aukerak ezagutzeko aukera ezin hobea da jaialdia, Bilboko udaletxean egindako aurkezpenean adierazo dabenez. Gonzalo Olabarria zinegotzia eta Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Alkarteko Juan Armentiak hartu dabe parte ekitaldian.
Publikoak erreferentzia estetiko eta eduki ugari topauko ditu Bilboargazkin. Programautako bederatzi erakusketetan, naturearen argazkigintzea eta argazkigintza artistikoa nabarmentzen dira, baina argazkigintza soziala, autoerretratuak eta arkitekturako argazkigintzea be badagoz.
Eraikin esanguratsuetan eta espazio publikoetan ipiniko ditue argazkiak. Esate baterako, Aitor Aranaren Manos... los surcos de la vida BilbaoCentro alkartearen egoitzan izango da eta Francisco Ubillaren Kalea, San Frantzisko udaltegian. Bilboko metroko Abando geltokiko Berastegi sarbidean bost panel handi egongo dira.
Aitatzekoa da, era berean, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzako erakusketa aretoan 2021eko Argizaiola lehiaketako lanik onenak ikusi ahal izango dirala. Euskal Herriko argazki lehiaketarik beteranoenen artean dago hori. Beste erakusketa kolektibo bat Errusiako Argazkilarien Federazinoarena izango da, Dock aretoan.
Erakusketa guztien informazinoa hemen.
Tailerrak eta berbaldiak, gehienbat, erakusketetako argazkilariek gidatuko ditue. Berbarako, argazki-liburuen autoedizinoan sakontzeko ikastaroa emongo dau Irene Cruzek urriaren 10ean. Umeentzako beren-beregi antolatu dabe, bestetik, argazkilaritzan hasteko tailerra, urriaren 24an Azkuna Zentroan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!