XXIII. BAD-eko kartela Karlos Martinez B-k egin dau
2021-09-27 12:54 KultureaUrriaren 14tik 24ra egingo dabe Bilboko antzerki eta jantza garaikidearen jaialdia.
BAD, Bilboko antzerki eta jantza garaikidearen topaketearen 23. edizinoa urriaren 14tik 24ra egingo dabe, uria abangoardiazko arte adierazpenez beteteko asmoz. Arte eszenikoak, performancea eta antzerki dokumentalak dagoz egitarauan, zuzeneko arteen zaleentzako ezinbesteko hitzordua, Bilboko Udalaren esanetan.
Saioak Bilboko espazio ugaritan antolatuko ditue, gehienak historia handiko eraikinak. Hortaz, ikuskizunetan ez eze, honeek hartuko dituen agertokietan be arteaz gozau ahal izango dabe ikusleek. Arte Berreginen Museoa, Campos Antzokia, La Fundición, Bilborock eta abar dagoz zerrendan.
Sarrera solteak urriaren 5ean ipiniko ditue salgai. Bonuak, ostera, dagoeneko erosi leitekez, hiru ikuskizunetarako (20 euro) edo bost ikuskizunetarako (30 euro). Bonuak sarreren truke aldatu ahal izango dira urriaren 5etik 10era.
XXIII. BAD jaialdiak kartela be badauka, Karlos Martinez B sortzaile bizkaitarrak egina. Diseinuak mobimenduagaz olgetan dau, irudi eder eta abstraktu batetik abiatuta, artistearen esanetan. Gorputzak mobitzen ikustean, gogoak ekintza hori une batez izozten dau. Irudi horrek begiratua izatera deitzen dau.
Karlos Martinezek arte grafikoetako eta diseinuko goi-mailako ikasketak ditu, baita historia-geografiakoak be. Hainbat beka eta sari jaso ditu Europan zein Latinoamerikan, banakako eta taldeko proiektu eta erakusketei esker. Koldo Mitxelena Kulturgunean, Bilbao Arte Fundazinoan eta La Casa Encendidan ikusi ahal izan dogu bere obrea. Bilboko Azkuna Zentroaren Babestu programearen barruko PLAN proiektua be aurkeztu barri dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!