Plateruena zabalik egongo da Durangoko Azokan
2021-09-24 12:57 KultureaAhotsenea gunea hartuko dau abenduaren 3tik 8ra.
Behin behinean bada be, bizia bueltauko da Durangoko Plateruena Kafe Antzokiaren eraikinera. Izan be, abenduaren 3tik 8ra, barriro bihurtuko da euskal kulturearen erreferentea Durangoren bihotzean. Udala eta Azokea ados jarri dira Plateruenaren eraikina Ahotsenea gunearen egoitzea izan daiten, hau da, sortzaileek euren obrea erakusteko eremua izango da.
2020ko abenduaren 31n itxi eben Plateruena Kafe Antzokia, eta kudeaketaz arduratzen zan kooperatibea desegin. Harrezkero, kulturgintzearen gune erreferentzial hori barriro zabaltzeko ahaleginak egin ditue erakunde publikoek, sortzaileek, eragileek eta herritarrek, baina oraingoz ez dabe behin betiko urtenbiderik topau.
Plateruenaren geroa zehazteko gogoetan ehun lagun eta eragile inguruk hartu dabe parte orain arte, eraikinari barriro bizia emoteko modurik egokienaren bila. Ondorio nagusi bat atera dabe: Plateruena kulturea, euskerea eta sorkuntzea bultzatzeko erramintea izan behar da.
Bien bitartean, Udalak mantenimendu eta konponketa lanak egin ditu eraikinean, barriro zabaltzen danean egoera onean egon daiten. Ia urtebeteko etenaren ostean, azkenik, abenduaren 3an hasiko da Plateruena martxan, Durangoko Azokako egunetan. Hori bai, feria amaitzen danean barriro itxiko dabe, behin betiko ekimenaren zain.
Hiru foku nagusi
Plateruenaren geroaren inguruko gogoeta eta topaketetan, Durangoko kulturgintzearen egoerea be jorratu dabe parte-hartzaileek, berau ezagutu eta indartzea ezinbestekoa dalakoan eraikinari bizi barria emoteko orduan. Hiru foku edo ardura nagusi agertu dira:
- Kulturako estrategia eta ikuspegi orokorrik ez dago.
- Azpiegitura aldetik herriak dituan beharrak aztertu behar dira.
- Kudeaketa erraztu behar da.
Plateruena kultur sorkuntzarako harrobi, topagune, esperimentazino gune eta erakusleiho izango da, euskerea nagusi izango den espazio batean, adierazo dabe Udaleko ordezkariek. Alkarteak, sortzaileak, kulturzaleak eta kulturgileak batu nahi leukez etorkizuneko Plateruenak. Zeharka, ganera, Durangoko eragileentzako, gazteentzako, umeentzako eta ikastetxeentzako aterpe izan nahi leuke, eta orain arte Plateruenara hurreratu ez diran herritarrentzako erakargarri.
Udaleko Bulego Teknikoak dagoeneko prest dauka txosten teknikoa, Plateruena barriro zabaldu ezkero egongo litzatekezan beharrak eta baldintzak zehatz aurreikusteko. Abenduan Ahotsenearen egoitza izan ahal izateko be, txosten hori ezinbestekoa izan da. Besteak beste, hornidurea eta soinu-ekipoak martxan jarri beharko ditue.
Ostalaritzea be inportantea izan zan Plateruenaren lehenengo aldian, tabernea eta jatetxea egozan. Udalaren eta eragileen arteko gogoetetako ondorio bat zera da, gunea barriro zabaldu ezkero, ostalaritzea kultur eskaintzearen osogarri izan behar litzatekeela, eta ez jardun nagusia. Era horretara, ostalaritzearen atalak ez leuke kulturgintzea baldintzatuko.
Proposamen faltarik ez da izan Plateruenari eduki barria emoteko. Halandabe, orain arte behin betikorik ez dabe aukeratu, ze Udalaren asmoa da egiten dan guztia proiektu kultural sendo baten babespean egotea.
Kontuak kontu, Plateruena behin betiko zabaldu ahal izatea gero eta hurrago ikusten dau Durangoko Udalak: leiho txiki bat edegi dogu etorkizunaz hausnartzen dogun bitartean. Argi daukagu Plateruena indartsu bat behar dogula Durango indartsuagoa eregiteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!