Idoia Leachek irabazi dau Itsas Kontainerretan egindako VIII. Instalazino Artistikoen Lehiaketea

Bizkaie! 2021-09-24 12:45   Kulturea

Instalazinoa urtebetez egongo da ikusgai Itsasmuseumeko zabalgunean.

Gaur goizean, Arantza Lauzirika, EHUko Arte Eder Fakultadeko dekanoak, Jon Ruigómez, Itsasmuseum Bilbaoko zuzendariak eta Idoia Leache artisteak aurkeztu dabe EHUk, Aurtenetxea Containers-ek eta Itsasmuseum Bilbaok atontzen daben Itsas Kontainerretan egindako esku-hartze artistikoen lehiaketearen VIII.
edizinoa.

Ekimen honetan, esku hartze artistikoan pinturea, eskulturea, ikus-entzunezkoak, performance edo beste diziplina artistikoren bat erabili daiteke eta salgaiak garraiatzeko erabilitako hiru edukiontzi edo kontainer industrialetan gauzatzen da.

Hautatutako lana iragankorra izango da eta urtebetez egongo da ikusgai Itsasmuseumeko zabalgunean.

Aurten, UPV/EHUko Arte Ederretan oraintsu graduautako Idoia Leacheren Izena dugu – Tenemos nombre artelana izan da lehiaketearen irabazlea; proiektuan kolore more ilunez pintautako edukiontzi handi bi (6 x 2,5 x 2,5 m) jarri ditu, gurutze bat osotuz bata bestearen gainean eta hirugarren txiki bat (3 x 2,5 x 2,5 m), zuriz pintauta diagonalean, beste metro bi eskasera. Lan honegaz emakumeek itsas historian zehar egindako lana bistaratu nahi da, kontainer erraldoiotan itsas arloan nabarmenak izan diran emakumeen izenak idatziz, euren ekarpena goraipatzeko.

Nor da nor Idoia Leacheren lanean: izenen atzeko istorioak

Idoia Leachek Izena daukagu – Tenemos nombre obrarako aukeratutako hamabi emakumeak bere garaian gizonezkoen esparru profesionalean aitzindariak izan dira bere erabagitasunagaz hurrengo belaunaldiei bidea edegiten lagunduz.

- Anna Ivanova Schetinina, Merkataritza Itsasketako lehen kapitaina 1935ean.

- Victoria Drummond, makinetako lehen ofiziala 1922an eta makinetako burua 1959tik aurrera.

- Lena Ringbom finlandiarra, 1931n ontziratu zan lehen emakume marinela, 16 urte zituala.

- Mary Lacy, 1759an, 19 urtegaz, arotz ikastun bezela ontziratu zana bere emakume izakerea ezkutatuz, William Chandler izena hartuz itsasoratu ahal izateko.

- Conchi Rodríguez Rodríguez, Marina Zibilean doktorea, zortzi urte daroaz kapitain lanetan, bidaiari-ontzietan, karga ibilgailuetan eta petrolio-ontzietan.

- Idoia Ibañez Ozores bilbotarra, 1994an itsasontzi bateko kapitain izatea lortu eban lehen emakumea.

- Remedios Hinojosa, Reme, Trasminako lehen kapitaina.

- Angeles Rodriguez Bernabeu, Merkataritza Itsasketako lehen ofiziala 1984an.

- Yolanda Ballesteros, makinetako lehen ofiziala 2001ean eta Paula Vázquez Carrera, makinetako ofizial titulua lortu eban ofizialik gazteena.

- Maria Angeles Campos, 2012an Merkataritza Itsasketako lehen kapitain galiziarra.

- Sonia Cabado Sánchez, 2007an Galiziako lehen makina-burua.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu