Lora-eskaintzea eta liburu-aurkezpena, Unamuno Egunean

Bizkaie! 2021-09-24 10:22   Kulturea

Bilbok irailaren 29an gogoratuko dau idazle eta pentsalaria.

Eguaztenean, hilaren 29an, 157 urte beteko dira Miguel Unamuno idazle eta pentsalari bilbotarra jaio zala, eta, urtero lez, Bilboko Udalak Unamuno Eguna antolatu dau egun horretan bertan. Aurten, ekitaldi nagusi bi egingo ditue: lora-eskaintzea eta La doble muerte de Unamuno liburuaren aurkezpena. 

Goizeko 10:30ean, Udaleko ordezkariak Unamunoren izena daroan plazan batuko dira, idazleari omenaldia egiteko. Juan Mari Aburto alkatea buru dala, lora-eskaintzea egingo da Miguel Unamunoren bustoan.

Arratsaldeko zazpiretan, ostera, La doble muerte de Unamuno liburuaren inguruko jakingarriak ezagutu ahal izango dira, Bidebarrieta liburutegian atondutako berbaldian. Argitalpena sortzeko bidea barrutik ezagutzen daben protagonista bi konbidau ditue, Luis García Jambrina eta Manuel Menchón. Filologoa eta idazlea da lehena; zinemagilea bigarrena. Alkarregaz idatzi dabe liburua.

Palabras para un fin del mundo dokumentalak argitara ateratako dokumentazinoa eta informazinoa dira liburuaren oinarriak. Bertan, Miguel Unamunoren azken orduen eta heriotzearen kontakizun ofiziala zalantzan jarten da. 1936ko abenduaren 31n hil zan, baina lekuko bakarraren testigantzeagaz eregi zan bersino ofiziala.

García Jambrinak eta Menchónek liburuan kontetan dabenez, Unamuno propagandarako operazino baten biktima izan zala erakusten daben zantzuak dagoz. Gerra Zibil bete-betean, faxistek kontrolautako Salamanca urian bizi zan idazlea, militarrei aurre egiteagaitik etxean egotera behartuta. Baina faxistek heriotzea aprobetxau eben kontakizun barria sortu eta Unamunoren figurea hareen kausearen alde erabilteko, liburu barriaren egileen ustez.

Operazino haren bidez, faxistek Unamunoren memoria eta ondarea bahitu zituen. Haren heriotza bikotxa kulturearen eta adierazpen askatasunaren aldeko burrukearen sinbolo bihurtu da denporeagaz, liburuaren egileek Bilbon azalduko dabenez. Doban sartu ahal izango da berbaldira, baina edukierea mugatuta egongo danez gonbidapenak eskatu behar dira (hemen). Bestela, streaming bidez zuzenean emongo dabe saioa. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu