Danetara, 101 lan itxi deutsee Artium Museoari

Bizkaie! 2021-09-23 13:42   Kulturea

Gure Artea sarietatik eskuratutakoak dira gehienak.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta bozeroailee Bingen Zupiriak, Arabako ahaldun nagusi eta Arabako Artium Fundazinoko presidente Ramiro Gonzálezek eta Artium Museoko zuzendari Beatriz Herráezek hitzarmena aurkeztu dabe gaur, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazino Orokorraren jaubetzakoak diran 101 artelan Artium Arte Garaikideko Museoaren Fundazinoari komodatu lez emoteko. Obra gehienak Gure Artea Lehiaketearen bidez eskuratu ziran, 1982 eta 1995 artean. Artium Fundazioa arduratuko da Dario Urzay, Cristina Iglesias, José Luis Zumeta, Jesús Mari Lazkano edo Itziar Okariz lako artisten lanak gorde, konserbau, digitalizau, aztertu eta zabaltzeaz.

Akordio barrian jasotako lanetatik 37 Museoan egozan, aurreko gordailu-akordioen zati legez eta beste 10 igaz, 2020an, heldu ziran, Zeru bat, hamaika bide erakusketarako mailegu lez. Gainerakoak, 54 obra, Eusko Jaurlaritzearen Gamarrako eta Lakuako biltegietan gordeta egon dira orain arte eta Artium Museoaren Bilduman sartuko dira.

Hitzarmen honen bitartez Artium Fundazinoak artelanak gorde, konserbau, digitalizau, aztertu eta zabaltzeko ardurea hartuko dau. Horrezaz gan, tratamendu tekniko egokia emongo deutse artelanei eta holan bajagoko erispide zientifikoakaz erakusteko aukerea be izango dau, beti be, konserbazino eta segurtasun baldintza egokietan.

Kontratu honek hamar urteko iraupena izango dau eta urte biko iraupen-aldietan luzatu ahal izango da, beti be alde biek kontrakoa esaten ez badabe. Jarraipen batzorde batek aztertuko dau komodatu-kontratua beteteko urratsak emoten diran. Kultura eta Hizkuntza Politika saileko kide batek eta Arabako Artium Fundazinoko ordezkari batek osotuko dabe jarraipen batzorde hori.

Artearen oraintsuko historia

Artelan multzo hau oso interesgarria da Euskal Herriko artearen oraintsuko historiarako, XX. mendeko azken zatirako. Dario Urzay, Cristina Iglesias, Jose Luis Zumeta, Gema Intxausti, Gabriel Ramos Uranga, Prudencio Irazabal, Azucena Vieites, Jesus Mari Lazkano, Itziar Okariz edo Marisa Fernandez lako artisten lanak dagoz multzo honetan.

Komodatu-akordio honek Artium Museoa Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa izatea indartzen dau, baita praktika artistikoen ikerketarako erreferentziazko elementu izatea be, joan dan mendeko 50eko hamarkadatik gaur arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu