Shakespeare Arriagara helduko da 2021-22 denporaldian

Bizkaie! 2021-09-22 13:08   Kulturea

Martira bitarteko egitarau zabal eta askotarikoaren barri emon dabe Bilboko antzokiko arduradunek.

'23F. Anatomía de un instante', denporaldiko barritasunetako bat (argazkia: Arriaga Antzokia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Arriaga Antzokiak prest dauka 2021-22 denporaldiko egitaraua, eta martira arte egongo diran ikuskizunen nondik norakoak azaltzeko agerraldia egin dabe Calixto Bieito zuzendari artistikoak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. Antzezlan, jantza, kontzertu eta bestelako saio guztien artean, William Shakespeare idazle ingelesaren tragedietan oinarritutakoa nabarmendu dabe.

Calixto Bieitok zuzendutako obrea izango da Erresuma/Kingdom/Reino eta 2022ko zezeilean helduko da Arriagako oholtzara. Euskerazko eta gaztelaniazko bersinoak atonduko ditue, goi mailako sortzaile talde zabal baten ahaleginari esker. Esate baterako, euskerazko bersinorako testuak Bernardo Atxaga idazleak egokitu ditu.

Rikardo II.aren, Henrike IV.aren, Henrike V.aren, Henrike VI.aren eta Rikardo III.aren drama historikoak izango dira ikuskizun horren testuen oinarria. Era horretara, formatu garaikide eta erakargarrian ezagutu ahal izango ditu euskal publikoak Shakespeare maisuaren lan bikainetako batzuk.

Arriaga Antzokiaren produkzino propioaren erakusgarri nagusia izango da Erresuma/Kingdom/Reino, baina ez 2021-22 denporaldiak ekarriko dauen bakarra. Horregaitik, Calixto Bieito zuzendari artistikoa harro agertu da proiektuon buru izateaz. Bizi dogun sasoi historiko honetan kulturea, sormena eta adierazoteko beharra guztiz oinarrizkoak dira

Pandemiak eragindako geldialdiaren ostean, erritmoa berreskurtzen hasi da Arriaga, eta, Bieitoren ustez, momentu aproposa da antzokiaren proposamen artistikoari bultzadea emoteko, bertoko artistakaz proiektuetan sakontzen jarraitzeko, euskerea bultzatzeko eta beste leku batzuetara eroateko. Denporaldi barria asmo horretan oinarritu dabela azaldu dau. 

Bertoko eta kanpoko sortzaileak

Produkzino propioaren barruan datozan beste obra batzuk dira Luis Mariano tenorearen ibilbide artistiko eta emozionalean oinarritutakoa (hori be Bieitok zuzendua) eta Diego Martin-Etxeberriak zuzendutako Johann Sebastian Bachen Gabonetako oratorioa, hain zuzen be, Gabonen aurretxuan estreinauko dabena.

Arriaga Antzokia laguntzaile edo koproduktore daben beste lan batzuk be sartu ditue 2021-22 denporaldiko egitarauan. Adibidez, Pabilioi 6gaz batera egindako Luces de Bohemia eta Hika Konpainiagaz atondutako La Tarara. Musikan, BJC Arriagan zikloa Bilbaina Jazz Clubegaz lankidetzan dator.

Denporaldi barri honetan Arriaga Antzokiak dauen asmoetako bat euskal kulturearen epizentro bihurtzea danez, bertoko taldeen produkzino ugari estreinauko ditue Bilbon. Urtea amaitu baino lehen, Altsasu (urrian) eta Fake, begiari tranpa edo tranpantojo (zemendian) antzezlanak ikusi ahal izango dira. 

2022an, ostera, Tanttaka (Semea pixka bat motelago dabil soilik) eta Tartean (Alderray. Tranperoa, pertsonen ehiztaria) konpainien estreinaldiak datoz. Estreinaldiak izan ez arren, Marie de Jongh eta Khea Ziater taldeek euren lan barriak eroango ditue Arriagara. 

Kanpoko autoreei jagokenez, izen handiak agindu ditu Calixto Bieitok hurrengo hileetarako: era horretako lehenengo obrea, zemendian, Aaron Leeren autobiografian oinarritutako Yo soy el que soy izango da, eta, hile berean, 23F, Anatomía de un instante antzeztuko dabe Bilbon. 

Doinu artean

Musikeak be leku zabala dau programazinoan. Joyce DiDonato mezzosoprano estadubatuarra, Noa kantari israeldarra, Philippe Jarousky kontratenorea, Sabina Puértolas sopranoa, La Ritirata taldea, Ruper Ordorika eta beste asko Arriagatik pasauko dira.

Gabon sasoirako, azpimarratzekoa da Hurkus & Laika: bi istorio. Familiei zuzenduta dago ipuinaren eta kontzertuaren arteko nahasrtea dan ikuskizun barritzaile hori, artista bikainei esker: David Azurza zuzendaria, Kuraia Ensemble, Gernikako Gaudeamus Korala, Joxemari Iturralde eta Bernardo Atxaga idazleen testuak...

Jantzearen alorrean be bertoko eta kanpoko talentua buztartuko dau Arriagak. Adibidez, zemendiaren 7an Lucia Lacarra jantzari gipuzkoar handiak egingo dau jantza, Mathew Goldingek lagunduta. Kubatik etorriko da Acosta Danza eta euskal tradizinoaren ordezkari izango da Ballets Olaeta. Eva Guerrero koreografoaren sorkuntza barriaz be gozau ahal izango da.

2021-22 denporaldiko saioetako sarrerak irailaren 30ean hasiko dira saltzen. Arriaga Antzokiko txarteldegian edo webgunean erosi ahal izango dira. 

Bizirik dagoan antzokia da, dinamikoa, sortzailea, plurala, modernoa eta zorrotza, adierazo dau Juan Mari Aburto alkateak. Harrobiaren aldeko apustua egitea eta bertoko eszenea eta euskerea bultzatzea Calixtok eta biok dogun konpromisoa da.

Juan Mari Aburto eta Calixto Bieito, egitaraua aurkezteko agerraldian (argazkia: Bilboko Udala).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu