Urrian egingo da #inkurria, tintazko marrazkien erronkea
2021-09-22 11:12 KultureaMarrazkeraz, Marrazkilari Euskaldunon Topaguneak egin dau deialdia.
Tintaz egindako marrazkiak egitera animau eta formatu hori aldarrikatzeko antolatu dabe nazinoartean #inktober dalakoa, urrian. Ekimenagaz bat egin, eta Euskal Herrira egokitu dau Marrazkeraz taldeak, hau da, Marrazkilari Euskaldunon Topaguneak. Euren erronkeari #inkurria izena emon deutse.
Urria tintaz egindako marrazkien hilea izaten da sortzaileentzat, eta egunero sare sozialetan argitaratzen ditue euren lanak, aitatutako #inktober eta #inkurria traolak erabilita. Marrazkerak-ekoek atondu daben erronkan parte hartu nahi dabenek lau pausu segidu beharko ditue: tintazko marrazki bat egin; sarean ipini; ekimenaren traolak erabili; eta, urriko egun guztietan gauza bera egin.
Marrazteko ohitura positiboak bultzatzea da erronkearen helburua, baliabide grafiko lez tintea erabilita. Egunero marrazki bat egiteko ohiturea hartuta, agendan marrazkigintzeari lekua egiten jakola uste dabe antolatzaileek.
Horrezaz gan, konpartidutea be bada beste helburu bat, ezagutzea eta sormena sareen bidez danen eskura jartea. Sakabanatuta dagozan egileen topagune bihurtuko da, modu horretara, #inkurria.
Marrazkilari bakotxak bere estiloaren eta gaitasunaren arabera egokitu leike erronkea. Batzuentzat olgeta hutsa da #inkurria, eta beste batzuentzat, ostera, egitasmo personalei bultzadea emoteko aukera polita. Ez da lehiaketa bat, trasteak hartu eta marrazten hasteko gonbidapena baino.
Urriko egun bakotxerako kontzeptu edo berba bat atondu dau Marrazkeraz topaguneak, parte-hartzaileek segidu deien. Esate baterako, lehenengoak beira, trajea, ontzia, korapiloa eta balea dira, eta azkena, 31.a, arriskua (zerrenda osoa behean). Dana dala, ez da derrigorrezkoa zerrendeari kasu egitea, sortzaile bakotxak bere erara egokitzeko modua dauelako.
Jake Parker izan zan #inktober ekimenaren sortzailea, 2009an. Urterik urtera, munduko txoko gehiagotara zabaltzen doa, eta herrialde, komunidade edo alkarte bakotxak bere erara egokitu dau erronkea. Euskerearen kasuan, 2016an agertu zan lehenengoz #inkurria kontzeptua, Gorka Belaskoren eskutik, eta Marrazkeraz topaguneak hartu dau azkenaldion ekimena bultzatzeko ardurea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!