Miren Agur Meabek Espainiako Poesia Sari Nazionala irabazi dau

Bizkaie! 2021-09-22 08:27   Kulturea

Nola gorde errautsa kolkoan liburuagaitik saritu dabe.

Miren Agur Meabe (argazkia: Dani Blanco/Argia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Lehenengo aldiz, euskerazko lan batek irabazi dau Espainiako Poesia Sari Nazionala, orain dala ia ehun urtetik emoten dan saria. Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) idatzitako Nola gorde errautsa kolkoan liburua aukeratu dau epaimahaiak hautagai guztien artean, Espainiako Kultura Ministerioak jakitera emon dauenez. 20.000 euro emongo deutsez idazleari.

Gaztelaniazko, katalanezko eta galizierazko beste obra batzukaz lehiatu da Meaberen poesia liburua. Epaimahaiaren arabera, poeta garaikide batek helduaroan idatzitako bildumea da Nola gorde errautsa kolkoan, gai pisutsuak lantzen dituana (heriotzea, nostalgia...) baina gozamenari uko egin barik. 

Saria emoteaz arduratu dan epaimahaian, Espainiako hizkuntza ofizialetan egindako literaturearen ordezkariak egon dira: Juan Gil Fernández, Katixa Agirre, María del Vinyet, Francisco Javier Díez de Revenga, Eduardo Moga Baiona, Julia Barella Vigal, Olga Novo, Luis Fermín Moreno Álvarez, Esther Sánchez-Pardo González eta Elena Medel Navarro. María José Gálvez Salvador izan da burua.

Hiru liburuko serie edo triptiko bateko azken alea da Nola gorde errautsa kolkoan, Susa argitaletxeak 2020an kaleratua. Kristalezko begi bat nobelea eta Hezurren erretura narrazino bildumea izan ziran beste liburu biak. Miren Agur Meabek sei atal edo moltso nagusitan banatuta dakarz olerkiak triptikoko azken liburuan.

Aspalditik Euskal Literatura garaikidearen ordezkari aitagarrienetako bat da Miren Agur Meabe, prosan zein poesian, helduentzako zein gazteentzako liburuetan. 1998an argitaratu eban lehenengo obrea, Uneka... gaba narrazinoen bildumea, eta urtebete geroago plazaratu eban Oi, hondarrezko emakaitz poesia liburua. Biak Labayruk argitaratuak.

Harrezkero, ibilbide oparoa egin dau genero ugaritan, eta sari entzutetsuak emon deutsez: Ume eta Gazte Literaturako Euskadi Saria (hiru aldiz), Espainiako Kritikearen Saria eta abar. Orain, Espainiako Poesia Saria sartu dau zerrendan. Sari hori euskerazko liburu bategaz irabazi dauen lehenengo autorea da. 

Literaturea idazteaz gan, irakasle eta itzultzaile izana da Meabe, eta testuliburuak egiten be eskarmentu luzea dau. Euskal Filologia eta Irakasletzea ikasi zituan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu