Galiziako, Euskal Herriko, Argentinako doinuak, folk-rocka eta fusinoa Getxon
2021-09-22 08:02 Musikea37. Getxo Folk, irailaren 22tik 26ra.
Muxikebarri zentroan izango dan Getxoko 37. Folk Jaialdiaren proposamen musikalak askotariko soinuak ekarriko ditu, Euskal Herrian hasi eta Galizia eta Argentinako erritmoetan zehar doan musika ibilbideari eutsiz, fusinoa eta folk-rocka lako estiloak baztertu barik. Getxora etorriko dira, besteak beste, Carlos Núñez, Amparanoia, Judith Mateo, Roberto eta Miren Etxebarria eta Cyclical Tango proiektua.
Aurten hiru arlo tematiko ditu oinarri: folk musikan familiaren transmisinoak dauen balioa, emakumeak musika mueta honetan dauen garrantzia eta Astor Piazzollaren jaiotzearen mendeurrenaren ospakizuna.
Egitaraua
Kontzertu nagusiak 19:00etan izango dira eta gaur, irailaren 22an, eguaztenean, hasiko da jaialdia, Roberto eta Miren Etxebarria aita-alabakaz; antxinako koplak oinarri dituan Hamaikatxu kopla, pandero baten konture! euren azken lana aurkeztuko dabe.
Biharamunean, hilaren 23an, Judith Mateoren txandea izango da; folk-rock biolinisteak, genero horretako instrumentista onenetakotzat joten dabenak, bere zazpigarren albumeko abestiak aurkeztuko ditu, Alma de un violín, hain zuzen be. Hurrengo egunean, irailaren 24an, Amparo Sanchez abeslaria buru dauen Amparanoia fusino talde enblematikoak «Himnopsis colectiva» lan barria aurkeztuko dau. Horretan eragin ugari antzemoten jakez, cumbia zein uri erritmoak, rock hipnotikoa, reggaea, western musikea...
Irailaren 25ean, zapatuan, Carlos Núñez gaitero ezagunaren txandea izango. Artista galiziarrak, folk zeltearen erakusle ospetsuak, A irmandade das estrelas debuteko diskoaren 25. urteurrena ospatuko dau Getxon eta bere kantarik ezagunenak joko ditu; horretarako, besteak beste, tresna asko joten dituan anaia Xurxo Nuñez eta Itsaso eta Irune Elizagoien ahiztek osotutako trikitixa bikotea izango ditu lagun agertokian.
Cyclical Tango ikuskizunak zarratuko dau saio nagusien eskaintzea. Fabian Carbone bandoneonisteak bultzatutako proiektu honen bitartez omenaldia egingo deutse Astor Piazzolla tango konpositore eta musikari handiari haren jaiotzearen mendeurrena dala eta. Kontzerturako Carbonek konpositore argentinar ospetsuaren pieza esanguratsuenetako batzuk aukeratu ditu eta horreek interpretetako eskarmentu handiko artisten eta jantzari-bikote baten laguntzea izango dau.
Informazino gehiago eta sarrerak hemen.
Beste saio batzuk
Getxo Folk jaialdiaren programazinoak zortzi kontzertu hartuko ditu, tartean, dobako bi. Saio biak irailaren 25ean, zapatuan, izango dira, Titiriteros de Binéfar (12:30) eta Trakamatraka (17:00) taldeen eskutik, hurranez hurran. Lehenengoan, abesti herrikoiak formatu handiko txotxongiloakaz eta beste elementu plastiko batzuekaz buztartzen dira. Bigarrenean, Trakamatrakak 4 urtetik gorako umeei zuzendutako saioa eskainiko dau; horretan, birziklautako materialez egindako instrumentuakaz interpretautako musikea da erabateko protagonista.
Aurtengo proposamena Bitartean taldearen goizeko ikuskizunagaz borobilduko da (irailak 26, 12:30): Euskal eta argentinar doinuak buztartzen dituan banda hernaniarrak bere lanik ezagunenetako batzuetako abestiak eta moldaketak interpretauko ditu, baita «Kreole» bere azken diskoko abestiak be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!