Aiko Taldeak Jantza Astegoiena atondu dau Urduñan

Bizkaie! 2021-09-21 13:45   Kulturea

Urriaren 2 eta 3rako programau dabe Urduña Plaza Hotel Bainuetxea.

Urduña topagune ederra da jantza tradizionala gustuko dabenentzako, izan be, AIKO Taldea, hirugarren aldiz aukeratu dabe bertako Urduña Plaza Hotel Bainuetxean astegoieneko jantza ikastaro bat emoteko, pandemia baino lehen egindako aurreko biek sekulako erantzuna izan ondoren. Aurten, urriko lehen astegoienean, osasun arloko segurtasun neurri guztiak hartuz egingo da eta, oraingoan, bikoteka jantzan egitearen gorabeherak jorratuko ditue.

Musikearen erritmora mobiduteko ia berezko ohiturearen barruan indar handiko modalidadea da: batzuetan bakarka egiten da, beste batzuetan taldean eta sarritan bikoteka. Eta bikote-jantza horretan komunikazinoa eta hartu-emonak agertzen dira, baita olgetea be. Horri guztiari buruz sakontzeko aukerea izango da AIKO Taldeko jantza maisuakaz; balsa, mazurkea, pasodoblea, boleroa, txotisa edo polkea lako jantzez gozetako egun bi.

Ikastaro honek 1+1=2 BIKO JANTZAK dau izena eta AIKO Taldeak agertoki horretan bertan atondutako aurreko bien lekukoa hartuko dau. Bi hareetan jotea landu eben eta aurtengo honi esker aurrekoen erantzun bikaina errepetidu gura leukie. Aurreko bietan 50 plazak agortu egin ziran.

Urduña Plaza Hotel bainuetxea

Eraikin historiko batean dagozan instalazioek jantza ikastaro jardueretarako baldintza ezin hobeak eskaintzen ditue, hirugarren pisuko jantzaleku bikainari esker. Era berean, hotelaren azpiegiturak, ikastaroko ikasleen eskura eskaintza osogarria eskaintzeko aukerea emoten dau: logela bikotxeko ostatua, zapatuko afaria eta domekako armozua eta bazkaria eta zirkuitu termal bat, 75 euroko prezioan personako.

Ikastaroaren egitarauari jagokonez, 50 euroko matrikulea ezarri da eta urriaren 2an, zapatuan, egingo da, 17:00etatik 20:30era; domekan, klaseak goizeko 10:00etan hasiko dira eta 13:30ak arte jarraituko dabe. Patxi Laborda eta Sabin Bikandi AIKO Taldeko kideek emongo ditue klaseak.

Matrikulea aikoeskola.eus webgunearen bitartez egin behar da. Plazak mugatuak diranez, izena lehenbailehen emotea gomendatzen da.

Ikastaroa, AIKO Taldearen jarduera guztietan ohikoa danez, jantza adierazpen eta gozamen, inprobisazino eta askatasun jarduera lez ulertzean oinarrituko da, gorputzaren mobimenduaren bidez.

Ikastaroan izena emon hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu