Jon Mikel Eubak 'Vulneario' liburua aurkeztuko dau Bilbon

Bizkaie! 2021-09-21 10:38   Kulturea

Hitzordua irailaren 24an da Bidebarrieta Liburutegiko Areto Nagusian.

Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturguneak Jon Mikel Euba zornotzarraren Vulnerario liburuaren aurkezpena hartuko dau barikuan; bertan, artisteak bere lanaren zati batzuk irakurriko ditu.

Ezinegonetik jaiotako liburua da Vulnerario, errealidadearen eta bere mugen kontra jokeran jazoera artistikoari buruzko hausnarketea zabaltzen dauena, bizitzearen eta artearen ekintza eta paralisiaren teoria jorratuz.

Liburu honek kontrastatzailek deitzen dituanakaz etenbako trukean oinarritutako sorkuntza metodo personala azaleratzen dau, mobiduten dan testuinguru artistikoaren isla. Vulnerario-k honako honeek batzen ditu: idazketa berari buruzko oharrak, apunte autobiografikoak, alkarrizketak eta kasuak (horreen atzean besteak eta bere burua ezkutatzen ditu), irakurketak eta erreferentziak (Ferlosio, Roussear, Tsvietaieva, Barthes, Nataliza Ginzburg, Foucault, Oteiza, Hitchcock, Godard, Murnau, Pasolini), lan-metodologiak, jazoera artistiko eta testu kritikoen (eta autokritikoen) prozesu teknikoak.

Jon Mikel Euba

Pintura eta ikus-entzunezko artetan trebatu zan Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Eder Fakultadean, baita Txomin Badiola eta Angel Badosegaz hainbat tailerretan. Berlin, Istanbul eta Amsterdamen hainbat egonaldi egin ondoren Bilbon kokatu zan behin betiko. Bideoak, instalazinoak eta marrazkiak erabiliz eta zinemea eta underground komikiaren erreferentziakaz, laurogeita hamarreko hamarkadearen erdialdetik indarkeriaren inguruko hausnarketa lez eregiten dau bere lana. Artistearen produkzinoa ekintza artean kokatzen da eta gorputzea praktika artistikoaren erdigunean jarten dau. Zeozelako hermetismoz horniduta dagoz haren obrak eta horreek ikusleari rol aktiboa esleitzen deutse ikus-kontakizuna eregiteko prozesuan, eszena kezkagarriak edo itxuraz zentzunik bako jazoerak aurkeztuz, egunerokotasunaren testuingurua suspense elemento bihurtzen dabenak.

Segurtasun neurriak

Aurkezpen honetara joateko ezinbestekoa da Bidebarrieta Kulturgunearen webgunean eskuragarri dagozan dobako gonbidapenetako bat erreserbetea. Egungo egoerearen ondoriozko segurtasun neurriak dirala eta, aretoko ateak 18:15ean edegiko ditue, bertaratutakoak jarleluetan egokitzeko. Ezin bada parte hartu, hitzordua streaming bidez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunean. Era berean, ekitaldia egiten dan bitartean maskarea erabili beharko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu