Guggenheim Bilbao Museoak beste babesle bat dau orain

Bizkaie! 2021-09-21 09:41   Pil-pilean

TotalEnergies, hain zuzen be.

Guggenheim Bilbao Museoak ondo etorria emon deutso TotalEnergies enpreseari, babesleetako bat izango dalako aurrerantzean. Energia-konpainiak Museoaren kudeaketa-organo nagusia sendotuko dau eta honezkero ofiziala da erabagia, izan be, Unai Rementeria Guggenheim Bilbao Museoko Batzorde Betearazleko presidente eta Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Javier Sáenz de Jubera TotalEnergies Electricidad y Gas enpresako CEOak bart sinatu dabe hitzarmena, Juan Ignacio Vidarte Museoko Zuzendari Nagusia aurrean ebela.

Kontuask kontu, 22 babeslek osotzen daben taldeko kide bihurtu da TotalEnergies, Museoaren hiru sortzaileakaz batera egin be (Eusko Jaurlaritzea, Bizkaiko Foru Aldundia eta Solomon R. Guggenheim Fundazinoa). Kide horreek oinarrizko egitekoa dabe Museoaren finantziazinoan, baita haren funtzionamenduari buruzko erabagietan be, besteak beste, aurrekontuen onarpena, jarduera-planak eta programazino artistikoa.

Unai Rementeriaren esanetan, albiste ederra da TotalEnergiesek Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatuagaz bat egitea, sendotu egingo dauelako urte honeetan Museoak erantzun bikaina izatea ahalbidetu dauen lankidetza publiko-pribatua. Enpresek kulturea babestea eta Museoa lako proiektu eragileakaz konpromisoa agertzea modu eraginkorra da jarduera-eremu daben gizarteari balioa emoteko.

Javier Sáenz de Juberak nabarmendu dau babeslea izateko akordio honek ezin hobeto adierazoten dauela TotalEnergiesek zelako konpromisoa dauen bere esparruko lurraldeetako bizi-kalidadea hobetzen daben proiektuakaz. Pozarren gagoz ekimen honetan parte hartzearren, balioen ikuspegi unibersal bera konpartiduten baitogu, bikaintasunean, barrikuntzan eta jasangarritasunean oinarritua, tokian sendo sustraitua, Bilbon, baita Euskal Autonomia Erkidegoan be, hau da, gure lehentasunezko merkatuetako batean.

Amaitzeko, Juan Ignacio Vidartek adierazo dau gustora hartu dabela haren etorrerea: Ondo etorri beroa emon gura deutsagu TotalEnergiesi gure Patronatura. Duda barik, guretzat hain erabagigarria dan organo horrek Museoaren proposamenaren anbizinoa eta kalidadea indartzeko balio dau eta baikor jarten gaitu normaltasuna berreskuratzeari begira.

TotalEnergies

TotalEnergies energia-konpainia handia da, mundu guztian energia ezbardinak produzidu eta merkaturatzen dituana: petrolioa eta bioerregaiak, gas naturala eta gas berdeak, energia barriztagarriak eta elektrizidadea. TotalEnergiesen Espainiako gas eta elektrizidade-merkaturatzailea estaduko merkatuko laugarren gas eta elektrizidade-hornitzailea da etxebizitza-erabilereari jagokonez, merkatuaren % 6ko kuotea baitau. Miloe bitik gora bezero ditu etxebizitzen eta negozio txikien esparruan eta horreetatik 560.000 Euskal Autonomia Erkidegoan. TotalEnergiesek 130 herrialdetan baino gehiagotan dau presentzia eta garapen jasangarria ezartzen dau bere proiektu eta operazinoen maila guztietan, personen ongizateari laguntzeko asmoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu